Bi gizon ikertzen ari dira Hernanin suak hartutako eraikinean lapurtzeagatik
Ertzaintza 20 eta 28 urteko bi gazte ikertzen ari da lapurreta-delitua egotzita; izan ere, joan den hilaren 24an Hernaniko (Gipuzkoa) Florida auzoan su hartu zuen eraikinaren barruan hauteman dituzte. Eraikina hustuta eta zigilatuta dago, teknikarien balorazioaren zain.
Eraikineko sei etxebizitzetako familia egoiliarrak Gabon gaueko 23:10ean atera zituzten etxetik, hirugarren solairuan piztu zen sute baten ondorioz. Suteak nahiz itzaltzeko erabilitako urak kalte handiak eragin zituzten eraikinean, teilatuan batez ere, hura erorarazteraino.
Abenduaren 29ko goizaldean Ertzaintzako zenbait agente etxebizitzara joan dira norbait barruan egon zitekeela ohartarazten zuen abisu bat jaso ondoren. Ertzainek bi gizon topatu dituzte bertan, ezkutatuta zeuden eta erlojuak, bitxiak eta tresna elektronikoak zeramatzaten hainbat poltsatan gordeak.
Gazteek polizia-aurrekariak dituzte jabetzaren aurkako delituengatik, eta ertzain-etxera eraman dituzte, beharrezko izapideak egiteko.
Ertzaintzarekin batera egiten ari diren zaintza-lanen barruan, Hernaniko udaltzainek beste gazte bat jarri zuten atzo Ertzaintzaren esku, hura ere eraikinaren barruan harrapatu baitzuten.
Zure interesekoa izan daiteke
Jendetza bildu da hirugarren larunbatez Baionan, bizitzaren garestitzea salatzeko
Euskadiko sahararrak ospakizun betean, NBEk Minurso misioa berritzerik izan ez duelako
Elkarretaratzea Gobelan, Romo FC klubeko entrenatzailea sexu-askatasunaren aurkako delituengatik kartzelara bidali ondoren
Bilbo, Donostia eta Gasteiz blindatu dituzte, Blocusek txikizioa egiteko egindako deialdien aurrean