Lehen Arretak gainezka eginda, Osakidetza jubilatutako medikuak eta erizainak kontratatzen hasi da
Omikron aldaerarekin kutsatzeen kopurua etenik gabe ari da egiten goraka, Lehen Arreta zerbitzua kolapsatuta dago eta ospitaleetan presioa areagotzen ari da. Gainera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentroetan eta ospitaleetan lan egiten duten 41.000 profesionaletatik 1.640 bajan daude, covid-19ak jota.
Testuinguru horretan eta presioa arintze aldera, Osakidetza jubilatuta dauden medikuak eta erizainak kontratatzen hasi da. Besteak beste, medikuek bajak tramitatzen lagunduko dute eta erizainak koronabirusaren aurkako txertoak jartzen arituko dira.
Espainiako Gobernuak joan den astean onartu zuen erretiroa hartutako profesionalak berriro kontratatzeko aukera ematen duen lege-dekretua, pandemiaren seigarren olatuari aurre egiteko salbuespeneko neurri gisa.
Ezohiko araua 2022a amaitu arte egongo da indarrean. Beraien borondatez lanera bueltatzen diren jubilatuek gainerako profesionalen lan-baldintza berberak izango dituzte eta kontratazio horrek ez du inolako eraginik izango euren pentsioan.
Zure interesekoa izan daiteke
Juntsen ezezkoak tentsioa areagotu du Solen, eta etxebizitzaren aldeko plataformek greba orokorra dute hizpide
Euskal Herrian urriaz gozatzeko 10 plan. Zeinekin geratzen zara?
Alerta euriagatik penintsulako ekialdean, 150 l/m² baino gehiagorekin Castellon