Euskararen aldeko "herri olatua" eta hizkuntza politika berriak eskatu ditu Euskara Aurrera ekimenak
"Euskara Aurrera" lelopean joan den larunbatean Donostian egin zen manifestazioko ordezkariek egitasmoaren inguruko balorazioa egin dute astearte honetan, eta, besteak beste, euskararen aldeko "herri olatu berri bat" eta euskararen lurralde osoan hizkuntza politika berriak behar direla nabarmendu dute.
Larunbateko ekimenaren balorazioa egiteko prentsa agerraldian Gazte Euskaltzaleen Sareko Malen Frantsesenak eta Pantailak Euskaraz ekimeneko Alex Aginagaldek hitz egin dute.
Gogorarazi dutenez, Euskara Aurrera egitasmoa aurkeztean adierazi zuten asmoa ez zela ekimena soilik beraiena izatea, baizik eta "sustatzaileak" zirela eta dinamika bere egin nahi zuen orori irekia zegoela. "Etorkizuna euskaraz irudikatzen duten guztiena: euskaldun berri eta zaharrena, gazte eta helduena, euskaltzale peto-petoena, hizkuntza ikasteko aukera izan ez dutenena, etorkizunean ikasteko urratsa emango dutenena", adierazi dute.
Ildo horretan, eskerrak eman dizkiete proposamenarekin bat egin zuten eta Donostian bildu ziren milaka eragile nahiz norbanakoei. "Jaso dugun harrera ona baino hobea izan da kasu guztietan. Erantzuna izugarri ona izan da. Guztion artean egin dugu dinamika hau zabal eta eder. Guztion artean egin dugu urrats erraldoi hau. Eskerrik asko, beraz. Mila esker modu batean edo bestean ekimen honekin bat egin duzuen guztioi", esan dute.
Bestalde, azaldu dutenez, azken asteetan behin baino gehiagotan esan dute euskarak eta euskaldunok bizi duten egoerarekin "kezkatuak" daudela. Kezka "blokeatzailea" izan daitekeela ohartarazi dute, "etsitzera daraman kezka", hain zuzen, baina, gaineratu dutenez, "guk dugun kezka, kezka sortzailea da, egoeraren jakitun izan eta aurrera bultzatzera garamatzana".
Zenbakietatik harago, deialdiak "kuantifikagarria ez den beste lorpen bat" ere izan duela nabarmendu dute, "euskalgintzan eta jendartean poza eta ilusioa piztea", alegia. "Hilabete lehenago Korrikak egin bezala euskalduntzean aurrera urratsak egiteko herri gogo bat badela eta energia berrituz taupaka ari dela sumatu dugu. Larunbatekoak indarra eman zigun euskaltzale guztioi. Indarberrituta gaude. Eta esan dezakegu prest gaudela Euskal Herriaren euskalduntzean jauzi indartsu bat egiteko", ziurtatu dute.
Bada, ekimenaren ordezkarien ustez, jauzi horrek bi gauza eskatzen ditu nagusiki. Alde batetik, euskararen aldeko "herri olatu berri bat" behar dela esan dute, eta hori dela, hain zuzen, dinamikarekin egin nahi izan duten dei nagusia.
"Egin dezagun urrats bat aurrera, bakoitzak beretik, eta bere neurrian har dezagun euskalduntzean dugun konpromisoa, eta altxa dezagun euskararen aldeko herri olatu berri eta berritu bat. Azken asteetakoa abiapuntua besterik ez da izan. Bagarela eta bagoazela esateko lehen urratsa", adierazi dute.
Hizkuntza politika berriak
Bestalde, euskararen lurralde osoan hizkuntza politika berriak behar direla nabarmendu dute, "euskararen biziberritzearena ez baita norbanakoon auzi partikularra".
Ekimeneko kideen iritziz, euskaraz bizi eta aritu ahal izatea ez da euskaraz bizi eta aritu nahi dutenen borondate hutsez gertatuko, horretarako "baldintzak" sortu egin behar baitira. Horrela, ziurtatu dute euskararen biziberritzeak "egiturazko neurriak" eskatzen dituela "hemen eta orain".
"Administrazio publikoek beraien ardurak har ditzaten eskatzen du. Egungo garaietara egokitutako hizkuntza politika berriak pentsatu eta martxan jarri behar dira. Horregatik, euskararen lurralde osoko gobernuei exijitzen diegu berandu baino lehen euskalgintzarekin eta herritarrekin batera egungo erronka eta beharrei erantzungo dieten hizkuntza politiken inguruan eztabaidatu eta neurriak har ditzaten", azaldu dute.
Azkenik, adierazi dute "oso pozik" daudela dinamikak izandako harrerarekin: "Urrats erraldoi bat egiteko gonbidapena egin genuen eta egin dugula uste dugu".
Edonola ere, ziurtatu dute ez datozela "inor ordezkatzera", eta beren arduraren partea bere egin eta euskalduntzean urrats berriak egin daitezen lanean jarraituko dutela, "dinamika hau egun bateko lorea izan ez dadin". "Orain arte egin dugun bezala, elkarlanean eta lankidetzan. Bakarka ezinezkoa delako. Elkarrekin soilik lor dezakegulako", gaineratu dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Primitivak hiru milioi eta erdi euro baino gehiago utzi ditu Bizkaian
Sariaren zenbatekoa bi zatik osatzen dute: 2.422.493,36 euro, kategoria bereziari dagozkionak, eta horiei 1.113.371,22 euro gehitu behar zaizkie, lehenengo kategoriakoak (sei asmatutakoak), aurreko zozketetan ez baitzegoen asmatzailerik kategoria horretan.
Gasteizko parrokiek aldi baterako estalpea eman diete asiloaren zain dauden Maliko migratzaileei
San Joakin eta Santa Ana parrokiak eta Elurretako Andre Mariarenak ateak ireki dizkiete 20 maliarri. Salburuako Auzo Elkarteari esker, beste 20 etorkinek gutxieneko zerbitzuak dituzte. Asilo eskaerak tramitatzeko hitzorduak lortzea eragozten dien blokeoa tarteko, 300 maliar baino gehiago igaro dira jada Gasteiztik iazko udaz geroztik.
Bilbon arma zuriz egindako eraso baten egilearen bila ari da Ertzaintza
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 15:00ak aldera jakinarazi diote Ertzaintzari gizon bat zaurituta zegoela Bilbo Zaharrean. 33 urteko biktimak arma zuriz egindako zauriak zituen, eta Basurtuko Ospitalera eraman dute.
Amaitu dira pilaketak N-1 errepidean, Andoain parean
Bi kamioik eta auto batek ezbeharra izan dute 15:15ean, Donostiarako bidean. Ibilgailu astunek guraizearena egin dute, eta bidea trabatzen geratu dira. Ilara luzeak sortu dira, baina 18:45erako konponduta zeuden arazoak, eta zirkulazioa ohikoa zen.
Airearen kalitatea "egokia" da Iurretan, Smurfit Kappa paper fabrikan sutea piztu eta biharamunean
Iurretako Udalak nabarmendu duenez, gaur egindako analisien arabera, "ez dago osasunerako inolako arriskurik"; are gehiago, atzotik "parametroek behera egin dute" euriari esker. Suhiltzaileek gau osoa eman dute sua itzaltzen, eta han geratu dira, erretako materiala bustitzen. N-634 errepidea gaur goizean zabaldu dute berriro.
AP-8 autobidea itxiko dute Deban bihar, zuhaitzak mozteko
07:00etatik 20:00etara egongo da itxita, Bilborako bidean, eta trafikoa bypass baten bidez zuzenduko dute, Behobiarako bidea erabilita.
La Salleko ikasle ohiek egia eta erreparazioa eskatu dituzte Patxi Ezkiagaren biktimentzat
Ikasle ohiek elkarretaratzea egin dute hainbat hamarkadatan izandako sexu abusuak salatu eta ikastetxeari premiazko aldaketak eskatzeko.
Gizon bat atxilotu dute Bilbon hilketa saiakeragatik
31 urteko gizon bat larri zauritu zuen, hiru labankada emanda, eta biharamunean atxilotu zuten, Zazpikaleetan.
Bi pertsona hipotermiak jota erreskatatu dituzte Igeldoko kala batean
Suhiltzaileak ur motorrekin iritsi dira Tximistarrira, eta bertan ez aurrera ez atzera zeuden bi pertsonak portura eraman dituzte, eta handik ospitalera.
Paper fabrika batean piztutako sute handi batek Iurretan eta Durangon errautsa egotea eragin du
Ez da inor zauritu Smurfit Kappa enpresaren kanpoaldean piztutako sutean. Suhiltzaileak kontrolpean dute sua, baina lanean jarraitzen dute N-634 errepidean, eta bi noranzkoetan itxita dago.