Eskoletan ordutegi jarraitua ala zatitua: zein da egokiagoa eta norentzat?
Eskolaldi jarraitua edo zatitua. Ez da berria eztabaida, baina Eusko Jaurlaritzak ordutegien inguruan hartutako azken erabakiek lehen lerrora ekarri dute gaia, beste behin. Hainbat urtean jardun trinkoa izan ondoren, EAEko Bigarren Hezkuntzako hainbat ikastetxek ordutegi zatitua izango dute 2022-2023 ikasturtean. Errefortzu programek —lehen, Hauspoa; orain, Hedatze— goizeko ordutegia egin ahal izatea ahalbidetzen zieten ikastetxe askori. Orain, programa horiek eskatu ahal izateko baldintzak zorroztu egin ditu Hezkuntza Sailak, eta zentro askok ez dituzte betetzen.
Eztabaida pil-pilean dago eskola atarietan. Zein da ordutegi egokiena ikasleentzat? Iritziak nahi adina aurki daitezke, baina gutxi ikertu da gaiaren inguruan. Adituen artean ere, ez dago adostasunik. Joxe Amiama EHUko Hezkuntza irakasle eta Psikopedagogia adituak uste du aldagai asko hartu behar direla kontuan, ordutegien egokitasunaz ari garenean, eta "aldagai guztiak aztertuta ere, ez da egongo ikasle guztientzat egokia den ordutegi jakin bat". Ikasle baten ezaugarrietara ondo egokitzen den jardunaldiak ondorio ez hain onak izan ditzake gelakide duen beste batentzat. Batentzat ikasteko espazio segurua eskola den bitartean, bestearentzat etxea izango da. "Ekosistema osoa hartu behar da kontuan, baina aldagai denak kontuan hartuta ere, ez dut garbi ikusten zein den ordutegirik egokiena. Ez dago esaterik, ez baitago bata edo bestea aukeratzeko oinarri zientifikorik", zehaztu du.
Egin diren azterketa apurrek ikasleen arreta maila aztertu dute. Eskolak 08:30ean hasten dituen gazteak lehen bi edo hiru orduetan arreta mantenduko du, baina handik aurrera arreta galtzen hasiko da. Atsedena behar du, ondoren berriro ekiteko. Ondorio horri erreparatu dio EHUko irakasleak, "arreta maila kontuan hartuta, joera egokiagoa ordutegi zatitua" dela nabarmentzeko. "Langileon adimenaren portaera ere tankerakoa da: lau edo bost ordu jarraian lan egin ondoren, atsedena behar du gure burmuinak. Logikak hori dio", azaldu du.
Ikaslearen errendimendua, baina, inguruko ekosistemaren araberakoa izango dela azpimarratu du. "Egoera sozioekonomikoak, ikasle bakoitzaren ezaugarriek edota pertsona horrek eskolatik kanpo duen espazioak" baldintza dezake errendimendua, "eta ez ordutegiak". Tokian tokiko testuingurua aztertzea litzateke egokiena, Amiamaren ustez, ordutegien gaineko erabakia hartzeko.
Estatuan edota Europan ordutegi jarraitua lehenetsi duten tokiei begiratu die Amiamak, gaia hobeto azaltzeko. "Ezin dira denak zaku berean sartu", azaldu du. "Ceutan, Melillan, Andaluzian edota Extremaduran, adibidez, aspalditik dute jardun trinkoa. Toki horietako egoera sozioekonomikoa hartu behar da aintzat, eta bertako bizi ohiturak ere bai. Europako zenbait herrialde aurreratuk ere ordutegi jarraitua dute eskoletan, baina herrialde horietan gurasoen lan jarduna 16:30 inguruan amaitzen da. Kontziliazioarekin uztartuta dago. Beraz, esan bezala, toki bakoitzeko aldagai sozioekonomiko guztiak hartu behar dira aintzat. Erantzuna ez da zuria edo beltza. Oreka bilatu behar da, eta ez da erraza", gaineratu du.
Eztabaida honen guztiaren erdian, bada "egitate" bat Espainia mailan, EHUko irakaslearen arabera. Hezkuntzara diru gehiago bideratzen duten erkidegoek ordutegi zatituaren alde egiten dute. "Hori hala da. Jangela, garraioa eta beste faktore asko sartzen dira hor, baita publiko/pribatu sistema ere. Zentro batzuen eta besteen egoerak ez du zerikusirik kasu askotan", azaldu du. Horregatik, modu batera zein bestera, gakoa ikasleentzat ikasketa espazio seguruak eraikitzean dagoela nabarmendu du.
Horregatik, Amiamaren hitzetan, Hauspoa eta Hedatze bezalako programak abiapuntu oso egokiak izan daitezke ordutegien inguruko gogoeta sakon bati ekiteko. Eskolaz kanpoko errefortzu saioen bidez, ikasleentzako espazio seguruak ahalbidetzen direlako, klase orduetatik kanpo ere: "programa horien eraginkortasuna ikertu behar da, indarguneak eta ahulguneak identifikatu, eta ondorioak mahai gainean jarri".
Goiz eta arratsaldeko ordutegiak nerabeen ongizatea eta berdintasuna bermatzen dituela uste du Eusko Jaurlaritzak, eta hala dago jasota, baita ere, Eusko Legebiltzarrean, alderdi nagusien babes zabalarekin, adostu berri duten Hezkuntza Lege berrian.
Bien bitartean, EAEko hainbat guraso elkartek asteak daramatzate jardun trinkoraren alde mobilizatzen. Gaurko, esaterako, EAEko DBHko Guraso Elkarteen plataformak elkarretaratzea deitu du Donostian, 14:00etan, Miramar jauregian. Deialdiaren berri emateko zabaldu duten oharrean jaso dutenez, Hezkuntza Sailak datorren ikasturtean "inposatu" nahi duen ordutegi zatituaren aurrean "desadostasun irmoa" agertu nahi dute gurasoek, erabaki horrek "ikasleen, gurasoen eta familien beharrak alde batera" uzten dituela iritzita.
Zure interesekoa izan daiteke
Azken agurra Santanderreko pasabidea hautsi eta itsasora erorita hil ziren gazteei
Barakaldoko eta Balmasedako beilatokiak eta Igollo de Camargoko (Kantabria) eliza txiki geratu dira Santanderren itsasora erorita hil ziren gazteak gogoratzeko eta azken agurra emateko.
Bullyinga egiten duten ikasleak ikastetxetik kanporatuko dituzte Nafarroan
Bizikidetzari buruzko Foru Dekretu berriak tratu txarren edo indarkeriaren kasu larrietan ikasleak eskolatik kanporatzea ere aurreikusten du. Neurriaren helburua da biktimak babestea eta haien ongizate emozionala bermatzea.
Santanderko pasabidea hautsita zegoela ohartarazi zuten istripuaren aurreko egunean, baina abisua ez zen izapidetu
Udaltzaingoak abisua jaso zuen, baina ez zuen inolako jarduketarik egin. Hala, jakinarazpena paper batean jaso zuten, baina mahaian bertan geratu zen.
24. Korrikak euskararen ezagutza unibertsala aldarrikatu du Iruñean
Aurtengo leloa, "Euskara Gara" komunitatearen izaera irekia eta askotarikoa azpimarratzeko hautatu dute. Korrikak bildutako baliabide ekonomikoak euskararen normalizazioaren aldeko lana indartzera bideratuko dira.
14 urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati Donibane Lohizunen, bi adin txikiko bortxatzea leporatuta
Erasoak 2012. urtean hasi ziren bikotekide ohiaren etxean, biktimetako batek 6 urte besterik ez zituenean. Erasotzaileak gertakariak onartu ditu, eta adin txikikoak bortxatu eta sexualki erasotzea leporatu dio epaileak.
Eusko Jaurlaritzak baieztatu du gero eta biktima gazte gehiago daudela indarkeria matxistagatik jasotzen diren deietan
2025ean, SATEVI zerbitzuak 2.054 eskatzailek egindako 3.087 arreta telefoniko erregistratu zituen, eta % 90 baino gehiago bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriari lotuta izan ziren.
Horrelakoak dira euskal gazteak: prestatuak eta toleranteak, baina emantzipatzeko arazo handiak dituzte
Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako 'Gazteen Adierazleak' txostenak euskal gazteen erradiografia interesgarria eskaini du. Gazteen % 72,6k seme-alabak izan nahi dituzte, baina atzeratu beharko dutela uste duenak inoiz baino gehiago dira.
Santanderko pasabidea hautsi zenetik bila zebiltzan neskaren gorpua topatu dute
Asteartean istripua gertatu zenetik, gorpua agertu den inguruetan ari ziren 20 urteko Guadalajarko neskaren bila. Asteartean bertan topatu zituzten horren bost lau ikaskide eta begiralearen gorpuak (horietako hiru euskal herritarrak), pasabidea igarotzen ari zirela hori hautsi eta uretara erori ziren denak. Neska arabar bat da istriputik bizirik atera den bakarra.
El Bocaleko istripuan erreskatatutako gazteak egonkor jarraitzen du eta kontziente dago
19 urteko gaztea asteartean ospitaleratu zuten, "sabeleko traumatismo larria" zuela. Santanderreko itsaslabar bat zeharkatzen duen pasabide bat haustean, Bocal inguruan, beste sei lagunekin batera metro batzuk erori zen arroka artera. Gaurko egunean zehar, traumatismo horren bilakaera baloratzeko hainbat proba egingo dizkiote gazteari.
Euforia eta emozioa Realeko jarraitzaileen artean, Errege Kopako finalerako txartela lortuta
Realeko milaka jarraitzaile Sevillara begira daude dagoeneko, apirilaren 18ko Errege Kopako finala gertutik bizitzeko ilusioarekin. 2021ean ikuslerik gabe jokatu behar izan zen finalaren ondoren, realzaleek finalaren esperientzia bizi nahi dute.