Ordezko lehengaiak, zementuaren ekoizpenak sortutako CO2 emisioak murrizteko
Ordezko lehengaien alde egitea. Cementos Lemonako zementu fabrikako zuzendari Carlos Moreno Polok eitb.eus-i azaldu dionez, hori da bidea zementua ekoiztean sortzen diren CO2 emisioak murriztu ahal izateko. Hala, Cementos Lemonak abian ditu hainbat neurri deskarbonatazio prozesuaren emisioek % 7 behera egin dezaten; izan ere, prozesu horrek zementua ekoiztean sortutako CO2 emisio gehienak eragiten ditu. Horrez gain, ordezko erregaiak baliatzen dituzte % 50ean, labe birakarian behar den energia termikoa eskuratzeko.
Testuinguru horretan, bi harrobik, Murgia Mendikoak eta Apariokoak, hornitzen dute lehengaiaz Cementos Lemona. Horietan, kontrolatutako leherketak egiten dituzte, eta arrokak lortu; harrobian bertan birrindu egiten dituzte, tamaina txikiagokoak izan daitezen. Birrinduta, fabrikara iristen dira zinta baten bidez.
Zementua egitean, lehen inpaktu ekologikoa baliabideak erauztean agertzen da. Inpaktu hori murrizteko, dio Carlos Morenok, "beste industria batzuetako hondakinak" baliatzen dituzte. "Bestela, gai horiek zabortegira joango lirateke", gehitu du. Gai horiek dira, adibidez, paper fabrikako lohiak, burdinolako hareak, eta altzairutegiko zepak: "Helburua baliabide natural gutxiago erabiltzea da. Urtean, lehengai horietako 80.000-100.000 bat tona baliatzen ditugu. Erabili ezean, zabortegira eramango lituzkete".
Hurrengo pausoa (Iñigo San Jose zementu ekoizpenaren buruak ere gidatu gaitu) lehengaietako nabea da. Beharrezko proportzioan elikatuta, "irin gordina" izenekoa ekoizten du: "Proportzio horiek errota batean sartzen dira, eta ia-ia hauts bilakatzen dira. Irin gordina kiskali egiten da, eta bertatik klinkerra ateratzen da. Hori zementuaren funtsezko osagaia da", eta CO2 emisioak sortzen ditu.
Klinkerrak bere propietateak lortu ahal izateko, 1.450 bat graduko tenperatura behar da. Irina gordina, hortaz, dorre bero-trukagailura heltzen da, eta hasieran 1.000 bat graduetara berotzen dute. Gordinaren deskarbonatazio prozesua hasten da: "Zementua ekoiztean sortzen diren CO2 emisioen % 65-70 prozesu horrek sortzen ditu". Nola murriztu inpaktu hori? "Ordezko lehengaiak erabiliz", azaldu du Cementos Lemonako zementu fabrikako zuzendariak.
Ordezko lehengai horiek "ez dute ahalmenik CO2rik sortzeko". Altzairutegi zepa zuriak dira; puntu horretan erabiliko ez balituzte, zabortegira eramango lituzkete: "Horrela, bigarren bizitza bat dute, eta emisioak murriztu egiten dira, % 7", zehaztu du Morenok.
Labe birakaria da hurrengo pausoa: "Bertan, gaia ia 1.000 gradura sartzen da, eta kaltzinazio prozesua hasten da. Gutxi gorabehera, 1.450 gradura iristen da. Oxido guztiak galdatu egiten dira, eta klinkerra sortzen da".
Bertatik, hozteko makina batera igarotzen da; bertan, klinkerrari kristalografia egitura izoztu egiten zaio. "Klinkerra oso erreaktiboa da; zementua egiteko zenbat klinker beharko dugun jakiteko, azken horren kalitateari erreparatu behar zaio. Kalitate handiagoa duenean, gutxiago beharko dugu". Erabilitako beroaren zati handi bat labearen barruan berreskuratzen dute, eta dorrera ere joaten da.
Adierazi dugunez, deskarbonatazioak sortzen ditu emisioen % 65-70; beste % 30-35 hori errekuntzaren eraginez gertatzen da: "Zementu industrian, petrolio kokea erabiltzen da", bero hori sortzeko, eta horrek CO2a igortzen du. Beste aukera da hondakinak baliatzea, eta hori egiten du Cementos Lemonak: "Erabiltzen ez diren pneumatikoak, haragi irinak eta industriako hondakinetatik etorritako plastikoak baliatzen ditugu. CO2 emisioak txikiagoak dira, bereziki, biomasa dutelako".
Horrela, behar den beroaren guztizkoa kontuan izanik, ia % 50 ordezko erregaietatik lortzen dute. Urtean, zehaztu du Morenok, 40.000 bat tona dira.
CO2 harrapatzea, eta klinker-zementua ratioa
Hori dena abian da; baina, halaber, CO2a harrapatzeko teknologia hobeak ari dira ikertzen. Cementos Lemonak planak eta estrategiak ditu eragin ekologikoa murrizteko ordezko lehengaiak erabiliz, bai eta klinker-zementua ratioa txikiagoa egiteko; alegia, tona bat zementu ekoizteko behar den klinker kopurua murrizteko. Halaber, gordinaren ehoketa hobetzeko lanetan dabiltza, "erretzeko errazagoa den gordina lortzeko, bero gutxiago beharko duelako". Halaber, klinkerraren erreaktibotasuna hobetzen saiatzen ari dira.
Cementos Lemonak, zementu fabrikako zuzendariak dioenez, azken hiru urteetan % 25 murriztu du energia elektrikoaren kontsumo espezifikoa; horrek ere laguntzen du CO2 emisioen aurkako borrokan, gas gutxiago kontsumitzea esan nahi duelako. Halaber, erabiltzen duen energia elektrikoaren % 10-11 energia berriztagarrietatik dator, jatorrizko ziurtagiria duten energia berriztagarrietatik: "Helburua da, hemendik bi urtera, % 30ekoa izatea".
Carlos Morenok nabarmendu du, era berean, garrantzitsua dela klinkerrenak bezalako propietateak dituzten adizio aktiboen alde egitea. Hala, klinker ez da horren beharrezkoa izango. Epe luzeagoan, hidrogenoa petrolio kokearen ordez erabiltzea ere aztertzen ari dira.
Azkenik, zementua garraiatzeaz, Morenok uste du garraio hori "elektrifikatu" egingo dela: "Beste herrialde batzuetan", dio, "trena indartu dute, espainiar estatuan ez bezala".
Zure interesekoa izan daiteke
Asintomatikoa eta kontrolpean dago Galizian atzemandako hantabirusaren kasua
Pazientea, frantziar-argentinar herritar bat, ostatuan isolatuta dago, eta Osasun Ministerioa zein Galiziako Xunta haren kontaktuen jarraipena egiten ari dira.
Mila pertsona inguru etxetik atera dituzte Baionako erdigunean gas-isuri baten ondorioz
Baionako hiriguneko mila bizilagun etxetik atera behar izan dituzte bart, gas-ihesa dela eta; ondorioz, segurtasun dispositibo handia aktibatu behar izan dute. Suhiltzaileek 100 metroko perimetroa itxi dute, eta goizaldeko ordu batak arte ezin izan dute etxebizitzetara itzuli.
Sosik ez, eta hilobirik ere ez: Juan Sebastian Elkano getariar nabigatzaile handiari buruzko 5 bitxikeria
Zenbat dakizu munduari lehen bira eman zion itsasgizon handi honi buruz? Victoria ontziarekin, eta biziraun zuten 17 gizoneko eskifaiarekin, Getarian lehorreratu zenetik 504 urte betetzen diren honetan, Elkanoren figura lerroburuetara ekarri nahi dugu.
Haurrak protagonista Gasteizko jaietan, Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsierarekin
Jaietako laugarren eguna haurrei eskainiko diote gaur, Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsierarekin. Egun osoan zehar, jarduerak izango dira eta orain.eus-ek zuzenean eskainiko du jaitsiera Andre Maria Zuriaren plazatik.
Migratzaileek helmuga berri baterainoko bidea azaldu dute
Azaldu dutenez, askok saiakera bat baino gehiago egin behar izan zituzten aurreikusitako helmugara iritsi aurretik. Migratzaile batzuek egoera berean dauden beste pertsona batzuekin egiten dute ibilbidea.
Martxoaren 3ko biktimak gogoan, zapi beltzak jantzi dituzte blusek eta neskek
Jaiak eta memoria ekimenaren barruan, Martxoaren 3ko sarraskian hildako bost langileak eta ehunka zaurituak gogoratu dituzte gaur Gasteizko Andre Maria Zuriaren festetan. Jendetza batu da Katedral Berriaren atarian egin duten oroimen ekitaldian.
Abuztuaren 12an eguzki eklipseaz segurtasunez gozatzeko aholkuak
Ahal den guztietan bidaia luzeak saihestea da gomendio nagusia. Eklipsea bizilekutik edo ikuspen-baldintza onak dituen gertuko udalerri batetik ikus badaiteke, hobe da horren alde egitea, gehiegizko joan-etorriak murrizteko.
Itsuek eklipsea "entzun" ahal izango dute, ONCEk jarriko dituen gailue batzuei esker
LightSound dispositiboa soinu bihurtzen du argiaren intentsitatea, eta abuztuaren 12ko fenomeno astronomikoa behatzeko gune batzuetan egongo da eskuragarri.
Gizon batek bikotekide ohia, 44 urteko emakume bat, hil du Murtziako merkataritza-gune batean
Halaber, 45 urteko emakume bat hiltzeagatik Benahavisen (Malaga) atxilotutako gizonak aitortu du hiltzailea dela, ihesaldian idatzi eta lagun baten etxeko atarian utzi zuen ohar batean. Horrek idatzia aurkitu eta Guardia Zibilari eman dio.
Gaztelugatxerako sarbideak itxita egongo dira eklipsearen egunean, arratsaldetik aurrera
Natur gunearen inguruan jendetza biltzea espero da, fenomeno astronomikoa ikusteko. Hori dela eta, segurtasun operatibo berezia aktibatuko dute Bizkaiko Aldundiak eta Bakioko eta Bermeoko udalek.