Suhiltzaileek gauean Berangon berpiztu diren bi sute txiki itzali dituzte
Berangon guardia lana egiten ari ziren suhiltzaileek gauean berpiztu diren bi sute txiki itzali dituzte, eta gaur goizean suteak erabat itzalita jarraitzen du, larrialdi zerbitzuek egindako lanari esker, Foru Aldundiko iturrietatik jakinarazi dutenez.
Unbe mendiaren hegalean suhiltzaileak zaintza lanetan aritu dira gauean, eta berpiztu diren bi sute txiki horiei aurre egitea lortu dute, atzoko sutearen eraginez 30-40 hektarea erabat kiskalita geratu ostean.
Goizeko zazpiak eta erdi aldera txanda aldaketa egin dute suhiltzaileek, eta bertan ezarrita zegoen operazio gunea desegin dute.
Hala eta guztiz ere, ingurua zaintzen jarraituko dute, gaur ere indarrean baitago sute arriskua, tenperaturak 30 gradu ingurukoak eta hego haizea oso gogorra izango baitira.
Bestalde, bi sute txiki gehiago itzali dituzte Bizkaian. Lehena Galdakaon izan da. Bertan, "skate" parke batean egur batzuei su eman diete gauerdian, baina goizaldeko ordubietarako garrak itzalita zeuden.
Bigarrena Artzentalesen izan da, eukalipto sail batean. Suhiltzaileek pare bat ordu behar izan dituzte sua itzaltzeko, eta goizaldeko lauetarako kontrolpean zuten dena.
Zugaztieta, Berango eta Larrondo
Ostiral honetan Bizkaian piztutako hiru baso suteak 16:00ak aldera geratu ziren itzalita, 55-70 hektarea kiskali ostean. Zugaztietan (Trapagaran), Berangon eta Larrondon (Loiu) piztu ziren, eta lehorreko taldeek eremuetako ingurua freskatzen eta zaintza lanak egiten jarraitzen dute, berpiztea saihesteko.
Dena dela, Berangon kezkatuta daude oraindik suhiltzaileak, hurrengo orduetarako aurreikusten diren haize bortitzak direla eta.
Azken egunetan, tenperaturak 30 graduren bueltan ibili dira, hego haizea zakar dabil eta lurraldea oso lehor dago; bada, testuinguru horretan piztu dira suteak. Itzaltze lanetan, hegazkin anfibioak ibili ziren, eta lehorrean ehun langile baino gehiago. Egoera hauetarako prest zeuden behargin guztiak mobilizatu zituzten.
Arratsaldeko lehen orduan amaitu zen Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioko aire baliabideen lana. Sute handienean izan ziren, alegia, Berangokoan.
Lehen sutea 3:40 aldera hasi zen atzo, Arbaltzagan, Zugaztietan, Trapagaran udalerrian. Garrak Kurutzagarantz joan ziren, eta Galdameserako bidean hedatu ziren; azkenean, baina, ez zen hiriguneetara gerturatu.
25-30 hektarea kiskali zituen suak, eta 13.30 aldera itzali zuten. Bizkaiko parkeetako suhiltzaileak ibili ziren lanean (Urioste, Iurreta eta Basauri), bai eta Mendi Zerbitzuko eta Basalango teknikariak ere.
Hiru orduren buruan, 6:50 aldera, Berangoko sutea hasi zen, Unbe mendiko magalean; toki horretan, 2015ean, beste sute batek triskantza egin zuen, Sopelaraino.
Oraingoan, sutea ez zen hiriguneetara hurbildu; hala ere, arriskua saihesteko, zortzi etxebizitzetako bizilagunak atera zituzten etxetik. Hain zuzen, etxe familiabakar batzuk eta Sustatxa Bideko hainbat baserri hustu zituzten. Sopelako etxe batzuk ere hustu egin zituzten.
Unbeko errepidea itxi egin zuten. Berangon, mendiko 30-40 hektarea erre ziren, Carlos Uriagereka Bizkaiko Foru Aldundiaren Mendi Zerbitzuko buruaren arabera.
Bizkaiko Suhiltzaileak, Bilboko Udalekoak eta Arabakoak izan ziren itzaltze lanetan; baso taldeak, udaltzainak eta Ertzaintza ere ibili ziren. Ricardo Ituarte Larrialdietako zuzendariak koordinatu zituen lanak, bertan ezarritako Aginte Postuan.
Gainera, Espainiako Gobernuak, euskal erakundeek hala eskatuta, bi hegazkin anfibio bidali zituen. Goizean iritsi ziren biak, eta hainbat bidaia egin zituzten Getxora, Galeara, ura hartzeko, gero suaren gainean botatze aldera.
Aire deskarga horiek oso eraginkorrak izan ziren, eta lehorrean, gainera, makina astunak baliatu zituzten, sua ainguratzeko eta horrek aurrera egin ez zezan.
9:00ak aldera, hirugarren sutea piztu zen, Larrondon, Loiun. Bertan, 1.000 bat metro koadro erre ziren, eta Txorierriko igarobideko zirkulazioari eragin zion.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 1. egoeran jarri du Euskadiko Baso Suteen Plana. Aurreikusita dago haizea zakar ibiltzea larunbatean ere; Bizkaia, Gipuzkoa eta Kantauri isurialde osoa alerta laranjan dago sutea egoteko arriskuagatik.
Duela egun batzuk, igandean, baso sute handia piztu zen Balmasedan. Astearte arratsaldean itzali zuten, eta 441 hektarea kiskali zituen. Bizkaian azken 33 urteetan izandako handiena izan da.
Zure interesekoa izan daiteke
Aisialdi zentro bateko begirale batek egindako sexu-erasoak salatu dituzte Tarnosen
Elkarretaratzea egin dute Landetako Tarnos herrian, aisialdi zentroko begirale batek egindako sexu erasoak salatzeko. Sei haur txiki izan dira biktimak, eta beraiei baita familiei ere elkartasuna erakutsi nahi izan diete. Begiralea atxilotu dute, sexu erasoak leporatuta.
Emakume batek sexu erasoa salatu du bart sanferminetan
Ustezko erasotzailea atxilotuta dago. Iruñeko Udalak erasoa gaitzetsi du eta dei egin die herritarrei mugimendu feministak antola ditzakeen bilkuretan parte hartzeko.
Kamioiek Gasteiz hartu dute San Kristobal egunean, ibilgailuak bedeinkatzeko
San Kristobal jaiak Arabako Garraio Elkarteko garraiolariak bildu ditu larunbat honetan. Ekitaldian, kamioien ohiko desfilea eta ibilgailuen bedeinkapena izan dira protagonista. Horrela eman diete amaiera auzoko ospakizunei.
Zuiako Udalak ur mozketak egingo ditu gauez hornidura bermatzeko
Mozketa 22:00etatik 08:00etara dago indarrean, atzotik. Gainera, udal igerilekuetako dutxak erabiltzea debekatuta egongo da aurrerantzean.
Beroagatik ezarritako alerta abisu horira jaitsi dute EAEn; Nafarroa erdialdean eta Iparraldean alerta mailari eutsiko diote
Arabak alertapean jarraituko du baso sute arriskuagatik. Abisu maila gorabehera, sargori egiten jarraituko du: maximoak 30 ºC-koak izango dira kostaldean, eta 37-38 ºC-koak, barnealdean. Astelehenean behera egingo dute tenperaturek.
Ezkaraiko sutea egonkortu dute, 115 hektarea inguru kiskali ostean
Dirudienez, Ayabarrena herrixkako sutea ostegunean piztu zen, ekaitzean botatako tximista baten eraginez.
"Joker" identifikatu eta zigortu dute bosgarren entzierroan, zezena grabatu eta ukitzeagatik
Sare sozialetan "Joker" bezala ezaguna den gizona identifikatu eta zigortu du Iruñeko Udaltzaingoak, telefono mugikorrarekin San Ferminetako bosgarren entzierroa grabatzeagatik eta zezenetako bat ukitzeagatik, korrika egiten ari zela. Bere portaerak entzierroaren araudia urratzen du, eta lasterkarien eta animalien segurtasuna arriskuan jartzen du.
Almeriako suteak "bilakaera ona" du, baina 6600 hektarea erre ditu dagoeneko
Baldintza meteorologikoek hobera egin dute, eta "lehen aldiz, suteari aurre egiteko moduan gara", iragarri du Larrialdi kontseilariak. Oraindik 23 pertsona topatu ezinda dabiltza, baina ez dute hustutze eta konfinamendu gehiagorik egin. 12 dira hildakoak.
Jose Escolarren zezenek entzierro arriskutsua osatu dute, eta korrikalari batek adarkada jaso du aurpegian
Taldean atera dira, baina azkenean batzuk atzean geratu eta une arriskutsuak izan dira, baina baita lasterketa ikusgarriak ere. Lehenengo balantzearen arabera, 14 dira zaurituak, eta batek adarkada jaso du aurpegian.
Almeriako sutea: 12 pertsona hil dira, beste 23ren berririk ez dago eta lau zauritu larri daude
Juanma Moreno Andaluziako presidenteak eman du albistea, eta argitu du zendutako ia gehienak atzerritarrak direla. Desagertutakoen harira esan du ez direla zertan hilda egon behar, "ezta gutxiago ere". Oraingoz, Guardia Zibilak ez du biktima gehiago topatu etxez etxe egindako miaketetan.