A-8 autobidean, Muskiz parean, atzo iraulitako zisterna kamioia kendu dute bidetik
Kamioilari bat hil zen atzo A-8an, Onton parean (Kantabria) eta Santanderreko noranzkoan, istripua izan ostean, Castro Urdialeseko suhiltzaileek jakinarazi zutenez. Ondorioz, autobidea itxi behar izan zuten Saltacaballon (Castro Urdiales), Bizkaiko noranzkoan.
Goiz osoan zehar, auto ilara luzeak izan ziren, Bizkaiko zatira ere helduta. Gauean, berriz, ibilgailua bidetik kentzeko lanak egin dituzte, eta horretarako, autobidea itxi dute Muskiz parean. 06:00etan zabaldu dute atzera ere, eta trafikoa bere onera etortzen hasi bada ere, 4 kilometrorainoko auto pilaketak izan dira.
Gobernuaren Ordezkaritzak ohartarazi zuenez, zubibidearen erdibitzailearen gainean iraulita gelditu da kamioia, eta enpresa espezializatu batek erretiratu behar izan du bi garabiren bidez. Lanek iraun duten artean, zirkulazioa N-634 errepidetik bideratu dute.
Ezbeharra 10:30 igarota gertatu zen. Argitu gabeko arrazoiak tarteko, kamioia bidetik atera, eta irauli egin zen. Suhiltzaileak bertaratu ziren harrapatuta geratu den kamioi gidaria ateratzeko. Tamalez, baina, bertan zendu zen.