Epaileak atzera bota ditu Basurtuko bihotz kirurgia sailaren lekualdaketaz Jaurlaritzak jarritako helegiteak
Basurtuko Ospitaleko (Bilbo) Bihotzeko Kirurgia Zerbitzua ixtea eta bertako langileak Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo) eramateko proiektua behin-behinean geldiaraztea erabaki zuen joan den azaroaren 4an Arabako Auzitegiak, eta gaur berretsi egin du erabaki hori, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak jarritako helegiteak atzera botata.
Gaur kaleratutako autoan, epaileak dio lekualdatzeak behin-behinean etenda jarraituko duela, eta joan den asteko argudio berak erabili ditu arrazoitzeko. Hau da, "premiazko eta kautelazko etete" hori indarrean egongo da auziaren inguruko erabakia hartzen den bitartean. Hala egin ezean, "kalte konponezinak egongo lirateke errekurtsoa jarri dutenentzat, baita hirugarrenentzat (pazienteak) ere".
Halaber, epailearen arabera, zerbitzua "itxi eta desegiten bada, izateari uzten zaio" eta azkenean, epaia irmo bilakatzen bada, "zerotik berriro martxan jartzea ezinezkoa izango da". "Egoera juridiko itzulezinak sortuko lirateke, eta epaia ez litzateke eraginkorra izango", adierazi du.
Orain, Osasun Sailak 15 eguneko epea izango du, hala nahi izatera, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian gaur kaleratutako ebazpenaren aurkako helegiteak aurkezteko. Bide hori hartuz gero, erakunde horrek ebazpena kaleratutakoan, beste epe bat zabalduko litzateke, kasu horretan, Basurtu Bizirik plataformak helegitea aurkeztu ahal izango lukeena. Agertoki horrekin, 2023ko urtarrilera arte luzatu daiteke prozesua.
Hortik aurrera, betiere behin-behineko etenaldiak indarrean jarraituko balu, epaiketa abiatzeko aukera legoke Gasteizko bigarren Auzitegian.
Bere aldetik, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurreratu du epai bidean aurrera egingo dutela, eta gaur kaleratutako ebazpenari helegitea jarriko diotela EAEko Auzitegi Nagusian.
Horren hitzetan, oraingoz, etenda geratuko da lekualdatze prozesua, epailearen erabakia bete egingo dutelako, baina epaitegietako bideari ez diote uko egingo, "herritarrei zerbitzu hobea" eskaintzea baita Osakidetzak hartutako erabakien helburua.
Zure interesekoa izan daiteke
Ayesa Digital uholdeak aurreikusteko eta kalteak murrizteko proiektu bat garatzen ari da, konputazio kuantikoaren bidez
Aranzadiko migratzaileentzako konponbide bat eskatzeko kanpaldia hasi dute Iruñean
Euskadiko Futbol Federazioak Euskal Selekzioaren nazioarteko ofizialtasuna lortzeko prozesua berrabiarazi du
Indarkeria matxistaren aurrean emakumeak ez daudela bakarrik eta babes-sare oso bat dutela gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak
Donostian 400 etxebizitza babestu egiteko aurrerapauso garrantzitsua: Udalak Txomin Enea II birpartzelatzeko proiektua onartu du
Garabi handiak lanean ari dira Donostia Ospitaleko protoiterapia ekipoa instalatzeko
Eusko Jaurlaritza ume txikiak dituzten familientzako laguntzak ordaintzen hasi da