Donostialdeko ESIko ehunka profesional eta pazientek kargugabetutako arduradunak lanera itzultzeko eskatu dute
Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute goizean (08:15ean) Donostia Ospitalearen atarian, Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa salatzeko, eta, aldi berean, joan den astean kargugabetu zituzten eta dimisioa aurkeztu zuten lankideak atzera berriz euren karguetara itzultzea eskatzeko.
Euripean eta isiltasunean egin dute protesta, eta bost minuturen buruan, txalo batekin bukatu dute. Goizero bilduko dira, ordu bertsuan, auzia konpondu arte.
ESI horretako zerbitzuburuen eledunek ez dute adierazpenik egin nahi izan, eta arratsaldeko 15:30ean egingo duten prentsaurrekoan xehetasun guztiak emango dituztela argitu. Gipuzkoako Sendagileen Elkargoaren egoitza nagusian, Donostian, egingo dute agerraldia. Herritarren aurrean azalpenak eman nahi dituzte zerbitzuburuek: Donostialdeko ESIan azken egunotan gertatutakoa azaldu, eta euren iritzia partekatu.
Dena dela, zehaztu dutenez, oraingoz ez dute Eusko Jaurlaritzaren edota Osakidetzako zuzendaritzaren deirik jaso.
Herritarrei, "lasaitasun mezua"
Ekimenon berri emateko, hainbat osasun langile Donostiako Ospitaleko erietxearen atarian bildu ziren atzo eguerdian. Protestak deitu dituzten osasun langileen izenean, Arantza Aguillok eta Nuria Gonzalezek, Larrialdietako eta Anestesiologiako zerbitzuburuek, hurrenez hurren, hitz egin zuten. Biek ala biek "lasaitasunerako mezua" igorri zieten ospitaleko erabiltzaileei, azken egunotan lehertu den aferak "ez duela osasun arreta kaltetuko" eta "zerbitzu guztiak bermatuta" daudela ziurtatuz. "Hemen jarraitzen dugula eta lanean jarraitzen dugula esan nahi diegu herritarrei", esan zuten.
Aguillok zehaztu zuenez, gaurko prentsaurrekoan emango dituzte gaiaren inguruko euren azalpenak, baina argi utzi zuen kargutik kendutako Itziar Perez Donostialdeko ESIko kudeatzailea eta Idoia Gurrutxaga zuzendari medikua karguetara itzultzea exijituko dutela, besteak beste.
Atzo 23 zerbitzuburuk izenpetutako gutuna ekarri zuen gogora Aguillok, eta bertan jasotzen den bezala, "politika suizidak" atzean uzteko eskatu die Osasun Saileko arduradun nagusiei. Osakidetzaren zuzendaritza kargugabetzea eskatu zuten sinatzaileek astelehenean kaleratutako idatzian.
Ildo beretik mintzatu zen Gonzalez ere, eta gaineratu zuenez, datozen egunotan protestetara osasun langile gehiago batzea espero dute, behin jai-eguna eta zubia igarota.
Jaurlaritzak elkarrizketa eskatu du, baina pribatuan
Bestalde, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak elkarrizketarako egindako deiari erantzunez, bi zerbitzuburuek azaldu zuten eurek hasieratik agertu dutela hitz egiteko borondatea.
Bere aldetik, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astelehenean adierazi zuen Donostialdeko ESIko kargugabetzeak "ikuspegi bateratua partekatzeko zailtasunen" ondorio zirela.
Zure interesekoa izan daiteke
Ayesa Digital uholdeak aurreikusteko eta kalteak murrizteko proiektu bat garatzen ari da, konputazio kuantikoaren bidez
Aranzadiko migratzaileentzako konponbide bat eskatzeko kanpaldia hasi dute Iruñean
Euskadiko Futbol Federazioak Euskal Selekzioaren nazioarteko ofizialtasuna lortzeko prozesua berrabiarazi du
Indarkeria matxistaren aurrean emakumeak ez daudela bakarrik eta babes-sare oso bat dutela gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak
Donostian 400 etxebizitza babestu egiteko aurrerapauso garrantzitsua: Udalak Txomin Enea II birpartzelatzeko proiektua onartu du
Garabi handiak lanean ari dira Donostia Ospitaleko protoiterapia ekipoa instalatzeko
Eusko Jaurlaritza ume txikiak dituzten familientzako laguntzak ordaintzen hasi da