"Super arbolak", berotze globalari aurre egiteko
Errendimendu handiko arbolak, eliteko zuhaitzak edota "super arbolak". Modu askotara deitzen dira mundu mailako basogintzaren erronka bihurtu diren landareak. Klima aldaketaren aurrean basoen osasuna bermatzea dute helburu, egur sektorearen onura ekonomikoak areagotzearekin batera. Enbriogenesi somatikoaren teknikaren bidez lortzen dira laborategietan, eta mugarri bat ezarri dute basogintzan eredu diren herrialdeen ingurumen estrategietan.
NEIKER Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak hamar urte baino gehiago daramatza enbriogenesi somatikoaren teknikarekin lanean, eta ikerketa lerro horretan, lorpen handienetako bat iaz Laudion landatutako pinus radiata —Euskal Herrian gehien landatzen den espeziea— basoa da. Espezie horretako "super arbolen" lehen landaketa da Europa osoan, eta proiektua zuzendu duen Paloma Moncalean NEIKERreko Baso Zientzien Saileko ikertzailearen hitzetan, urrats iraultzaile bat da basogintzan.
Besteak beste, tenperatura altuei, lehorteei edota mantenugaietan pobreak diren lurzoruei aurre egiteko ezaugarriak dituzte eliteko zuhaitzek, laborategian egindako aukeraketa zorrotzen ondorioz. Horrez gain, bioteknologiari esker, hazi bakarretik milaka zuhaitz lor daitezke, eta arbola horien hazte prozesua nabarmen murrizten da, baso jabeen onura ekonomikoak areagotuz, Monkaleanek azaldu duenez.
"Basogintzan aurreratuen dauden herrialdetan erabiltzen ari diren teknika bioteknologikoa da. Ohiko tekniken bidez, hazi bakarretik zuhaitz bakarra ateratzen da. Guk, zelula bakarretik milaka zuhaitz sor ditzakegu. Berretsi nahi duguna, ondorengoa da: laborategian dugun zelula multzoari estres baldintzak ezartzen badizkiegu, adibidez, tenperatura altuetara edo ur gutxi izatera ohitzen baditugu, landare horiek prestatuago egongo dira kanpoko estresari aurre egiteko. Adibidez, laborategian tenperatura altuetan egon den landarea, landa guneetan hobeto egokituko da tenperatura altuetara. Hori berretsi nahi dugu", zehaztu du.
Europar Batasunak finantzatu du NEIKER garatzen ari den egitasmoa, "Multiforever" ekimenaren baitan. Besteak beste, basoen osasuna, espezie alternatiboak, zuraren kalitatea eta hobekuntza genetikoa daude planaren ardatzean, klima aldaketaren aurrean, jasangarritasunaren bila.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak