Berotze globalaren eraginak gurean: Eltxoak neguan, gaupasak sargoriagatik eta gereziondoak loretan udazkenean
Euri eta elur betean, kalean topatu dira bi emakume. "Hau eguraldia neska, ditxosozko klima aldaketaren ajeak, nonbait!". Besteak baietz diotso buruarekin, ernegatuta. Edozein karrika bazterretan entzundako elkarrizketa honek ematen du, bada, ondo errotutako ustearen tamaina, berotze globala aroa aztoratzen ari denarena, alegia. Baina, usteaz harago, zeintzuk dira klima aldaketak gaur-gaurkoz gurean utzitako arrastoak? Nola eragiten dio gure egunerokoari? Zer nolako etorkizuna dugu ate joka? Zenbateraino arindu ditzakegu ondorioak?
BC3 (Basque Excelence Research Centre) klima aldaketa ikergai duen zentrora jo dugu erantzun bila. Ikerbasquek, Ihobek eta EHUk 2008an sortutako ikerketa taldeak larrialdi klimatikoaren arrazoiak aztertzen ditu, ondorioak murrizteko gakoak bilatu nahian. Elisa Sainz de Murietarekin egin dugu zita. Geologian doktore, EHUn Ekonomia Aplikatuko irakasle eta BC3ko ikertzaile elkartua da. Herritarren susmoak baieztatu dizkigu adituak: "Bai, badira aldaketak, eta batzuk begi bistakoak, gainera", erantzun digu irmo.
Eraginak lau eremu handitan –gehiago badaude ere– bildu dizkigu Sainz de Murietak: klima aldagaiak, osasuna, elikagaiak eta ekosistemak. Lehenengoen artean, tenperaturaren igoera nabarmendu digu zientzialariak. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, iazkoa inoizko urterik beroena izan zen. Ohikoak diren batezbestekoarekin gainetik kokatu zen 2022ko tenperatura. Eta hastapena baino ez da. Mende amaierarako aurreikuspenak are itogarriagoak dira: batez besteko tenperatura hazkundea 4 ºC-koa izan daiteke. Ondorioz, bero boladak ugariagoak eta luzeagoak izango dira.
Euskal kostaldeak ere badu sufrikarioa: itsasoaren maila igotzen ari da. Itsas maila, azken 7.000 urteotan egonkor mantendu den hori, batez beste 2 mm hazi da XX. mendean. Horrez gain, satelite bidez egindako neurketek agerian utzi dute hazkunde hori azkartzen ari dela 90ko hamarkadatik: urteko 3,5 mm-ko batez besteko abiaduran. Gure hondartza eta portuak are kalteberago dira orain, enbataren kalteen menera.
Gainera, azken urteotan, muturreko fenomeno meteorologikoak ugaritu egin dira, eta horien inpaktuak areagotu. Ikerketen arabera, ezin esan oraindik pilatutako prezipitazio kopurua jaitsi denik, bai, ordea, euria egiteko modua aldatu dela. Euriteak izaten ditugu usu, eta horiekin lotuta, uholdeak. Etorkizunera begira, baina, urteko prezipitazio kopuruak behera egingo duela aurreikusi dute adituek, batez ere lurraldearen iparraldean. Jaitsiera horrek ibaien emaria txikitu eta lehortea areagotu du. XXI. mendearen erdialderako, Arabako 10 herrietatik 8k lehorte arrisku handia izango dute.
Aldaketa meteorologiko horiek guztiek eragin zuzena dute gure osasunean. Azken urteotan bildutako datuen arabera, gora egin dute muturreko beroagatik izandako heriotzek, batez ere pertsona zaurgarrien artean (adinekoak edo bihotzeko arazoak dituztenak). Sargoriak badu albo ondorio leunagorik (bereziki gaueko tenperatura gutxi jaisten bada): beroak begiak biltzeko arazoak eragitea. Lo faltak estresa eta beste osasun arazo batzuk sor ditzake, gainera. Bestalde, alergiaren bat dutenek sintoma larriagoak dituzte orain: alergiek gogor jotzen dute, eta ohiko sasoitik kanpo ere dute eragina. Sainz de Murietaren hitzetan, "klima aldaketak ez ditu gaixotasun berriak eragiten, baina daudenak larriagotu eta prebalentzia handitzen ditu". Bada gehiago. Aldaketak atzeman dituzte hainbat bektoretan (gaixotasunak transmititzeko gai diren animaliak), adibidez, tigre eltxoan. Euskal Herrian ale bakan batzuk agertu dira, baina zabal dabiltza Mediterraneoan, baita neguan ere. Adituak azaldu digunez, baso suteek –lehorteekin biderkatu dira– gure osasunean duten eragina ere ikertu dute: poluzioa sortzen dutenez, arnas aparatuko gaixotasunak dituzten horien artean sintomak areagotu dira.
Elisa Sainz de Murieta BC3ko ikerlariak klima aldaketaren ondorio nagusiak laburbildu dizkigu:
Baldintza meteorologikoek lotura zuzena dute elikagaien horniduran. Uztak eta abeltzainen jarduna kinka larrian jarri zituzten iazko udako muturreko tenperatura altuek eta lehorteak. Euri faltak kostuak igoarazi —landarak ureztatu behar izan ziren, eta ganaduzaleek fardoekin elikatu behar izan zituzten abereak, larre berdeen faltan— eta, zenbait kasutan, produktuak garestitu zituen. Klima aldaketak onurak ekarriko dizkie labore batzuei, adibidez, neguko gariari edo mahatsondoari. Dena dela, uste da beroak kalte egingo diola ardoen kalitateari: ardoek alkohol-gradu handiagoa izango dute, pH handiarekin, osoko azidotasun txikiagoarekin eta aroma gutxiagorekin.
Laboreetan ez ezik, landarerian eta lurreko ekosistemetan ere izan da ondoriorik. Gero eta ohikoagoak dira sasoiz kanpoko loratzeak (gereziondoak loretan ikusi ditugu udazkenean) edo frutaren heldutzeak. Berotze globalak, oro har, baso ekosistemen "mediterranizazioa" eragingo du. Tenperaturek gora egingo dutela eta, Mediterraneoko espezieak eta espezie inbaditzaileak ugaritu egingo dira gure inguruetan. Hala, Bilbo Handiko paisaia, "inbasio maila handiena" duena, beste eskualde batzuetara heda daiteke. Kontrara, euskal basoen hiru espezie bereizgarriak –haritza, pagoa eta intsinis pinua– 2080rako desagertuko direla aurreikusi dute. Horrez gain, beroak intsektuen garapena bultzatu du, eta neguan bizirik irauten lagundu die (euliak eta eltxoak, esaterako).
Itsasoko uraren tenperaturak ere gora egin du (hamarkada bakoitzeko 0,2 ºC), eta itsas ekosistemei eragin die. Aztiko ikerlariek atzeman dutenez, 90ko hamarkadatik berdela iparralderantz desplazatu da errunaldia egiteko. Antxoa hobeto ari da eusten, ur epelekiko tolerantzia gehiago baitu. Ohartarazi dutenez, ordea, ibai aingira egoera kritikoan dago gurean.
Eragin horietako batzuek ez dute atzera bueltarik, baina ondorioak apaltzeko abagunea badugu. Hala, ia gobernu guztiek dute agendan politika klimatiko argi bat. BC3ko adituari itaundu diogu egiteko garrantzitsuenez:
Sainz de Murietak aipatu bezala, Bilbo Handia –Erandio, Getxo eta Bilbo tartean– eta Zarautz (Gipuzkoa) gune zaurgarrienen artean daude, uholde eta itsasaldeko arriskuagatik. Nolanahi ere, ez dira mehatxu klimatikopean dauden bakarrak:
Zure interesekoa izan daiteke
Gasteizko jaietako egun handia heldu da, programazioaren zati batekin airean, greba dela eta
Blusen eta nesken kuadrillek Andre Maria Zuriari egindako lore-eskaintza eta aurreskua izango dira asteazken honetan Gasteizko jaietako ekitaldi sinbolikoenak. Ikuskizunen eta ekitaldien sektorearen greba deituta dago gaur, eta hainbat kontzertu eta jarduera zalantzan daude.
69 urteko motozale bat hil da Gaubean, auto baten aurka talka eginda
Istripuaren ondoren, Txagorritxuko Ospitalera eraman dute zauri larriekin, eta han hil da ordu batzuk geroago.
Martxoak 3ko sarraskia gogoan, Zeledonek hasiera eman die Ama Zuriaren jaiei
Baskoniako ordezkariek suziria piztu eta Zeledon jaitsita, festa lehertu da Gasteizen, Andra Maria Zuriaren plaza gainezka zegoela.
Gizon bat hil da Lizarran, balkoi batetik erorita, Poliziarengandik ihesi zihoala, genero-indarkeria kasu baten ostean
Ikerketaren arabera, hildakoa laugarren solairutik erori da balkoi batetik bestera igarotzen saiatzen ari zela, agenteak Santiago plazako etxebizitza batera iritsi direnean. Bertan, emakume batek eraso baten berri eman du. Auzia sekretupean dagoenez, ez dute emakumearen egoeraz informatu.
Uharteko parrokoak "Rabat bonbardatzea" eta migratzaileei suarekin erantzutea proposatu du
Javier Aizpun apaizak hainbat mezu argitaratu ditu X sare sozialean Ceutako migrazio krisiaren inguruan, eta Marokoren eta migratzaileen aurkako muturreko neurri gogorrak proposatu ditu.
Zuzenean: Zeledonen igoera
Jarraitu zuzenean Zeledonen igoera Joseba Olagarai eta Josu Pedruzoren kontakizunarekin.
Zuzenean: Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera
Jarraitu zuzenean Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera, Ilaski Serranoren eta Josu Pedruzoren komentarioekin.
Poliziak duela 16 urte Fiteroko monasteriotik lapurtutako egurrezko erliebe bat berreskuratu du
Fiteroko Santa Klara Monasterioko aldare nagusian zegoen, eta handik hartu zuten duela 16 urte. Zizelkatutako egurrezko erliebea herriko apaizari eman zaio.
Zuzenean: Zeledonen jaitsiera
Andre Maria Zuriaren jaiak 18:00etan hasiko dira, Zeledonen jaitsierarekin. Baskoniak botako du txupinazoa aurten. EITBk zuzenean emango du ospakizunen hasiera, 17:30etatik aurrera.
Zuzenean: Zeledonen jaitsiera
Gasteizko jaiak gaur hasiko dira, 18:00etan. Zeledon jaitsiko da eta Baskoniak txupinazoa botako du. EITBk zuzenean emango du ospakizunen hasiera, 17:30etik aurrera.