Pablo Gonzalez euskal kazetariak urtebete egin du Polonian preso
Pablo Gonzalez euskal kazetariak gaur, hilaren 28an, egin ditu 365 egun preso. Duela urtebete atxilotu zuten Ukraina eta Polonia arteko mugatik gertu, Ukrainako gerrak eragindako errefuxiatu krisiaren berri ematen ari zenean. Errusiarentzat espioi lanak egitea leporatzen dio Varsoviak, bi pasaporte (espainiarra eta errusiarra, nazionalitate bikoitza baitu) atzeman zizkiotela argudiatuta.
Gainera, gutxienez beste hiru hilabete, maiatzaren 24ra arte, egon beharko du behin-behineko espetxealdian.
Mugarik gabeko Kazetariak erakundeak azaldu duenez, Poloniak "preso arriskutsutzat" du Gonzalez, eta baldintza "bereziki gogorrak" ezarri dizkio kartzelan: bideozaintza du ziegan, handik irtetean eskumuturrekoak eraman behar ditu une oro, eta espetxe funtzionarioek "egunean hainbat aldiz biluzarazten dute miaketa sakonak egiteko".
Erakundearen arabera, "astean behin bakarrik dutxatzea baimendu zioten, eta dermatologo baten bisita ere ukatu zioten, azaleko arazo bat izan zuenean". Gertukoenen bisitarik apenas jaso du —azaroan joan zitzaion Oihana Goiriena emaztea—, eta lehenak bederatzi hilabete preso zeramatzanean hartu zituen. Gaur-gaurkoz, ez du harreman zuzen eta erregularrik familiarekin edo lagunekin.
Gonzalo Boye abokatuarekin harremanetan da jada, eta Espainiak Polonian duen kontsularen bisita jaso du. Dena dela, atxilo hartu eta 16 egunera izan zuen lege laguntza ofiziala. Urtebeteren ondotik, epaiketaren zain dago, eta haren gertukoek Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegian salatu dute auzia.
Pablo Gonzalez Sobiet Batasunaren osteko eremuan espezializatuta dago, eta atxilotu zutenean, Ukrainako gerra eta errefuxiatuen krisiaren berri ematen ari zen Publico egunkariarentzat edo La Sexta telebista katearentzat.
Amnistia Internazionala (AI), Mugarik gabeko Kazetariak eta prentsa alorreko beste erakunde batzuek kazetaria aske uzteko eta haren giza eskubideak errespetatzeko eskatu dute. Gonzalezen senide, lagun eta lankideek #FreePabloGonzalez elkartea sortu dute berriemailearen "eskubideen aldeko borroka" bideratzeko eta legezko babesa eskaintzeko helburuarekin.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak