Aste Nagusiko su artifizialen kokalekua aldatzea aztertuko du Udalak, Zazpikaleetako bizilagunen arabera
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Aste Nagusiko su artifizialak lekuz aldatzea aztertuko du, Hispania Nostra Espainiako Estatuko ondarea babesten duen irabazi asmorik gabeko erakundeak egindako eskaerari erantzunez.
Iazko Aste Nagusian Epaltzaren Alargunaren kalean izandako suteak kaltetutako bizilagunek ohar bidez azaldu dutenez, lanean jarraituko dute Zazpikaleetako egurrezko eraikinen kontrako "bonbardaketa piroteknikoa" amaitzen den arte.
Hispania Nostra erakundetik Bilboko alkateari jakinarazi zioten Zazpikaleetako bizilagunak "kezkatuta" daudela, su artifizialak jaurtitzeak "sute arrisku handia" eragiten duelako.
Bilboko Auzo Elkarteen Federazioaren esanetan, alkateak gutun bidez erantzun du "kezka hori" Zazpikaleetako bizilagun batzuena dela, "ez denena", baina, hala eta guztiz ere, gaia aztertzeko nahikoa arrazoi daudela onartu du.
Bestalde, alkateak idatzi horretan berretsi du Bilboko suhiltzaileen txostenaren arabera sutearen arrazoia "oso bestelakoa" izan zela. Edozein kasutan, su artifizialak jaurtitzeko kokaleku berri bat aztertzeko konpromisoa hartu du.
Amaitzeko, auzokoek salatu dute sutea gertatu eta zortzi hilabetera lau familiak etxera itzuli ezinik jarraitzen dutela eta beste hiruk konpontze lanak amaitu gabe dituztela.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak