Albiste izango dira: EITB Data: Ostalaritza; Israel eta Hamasen gerra, eta Sanchez EH Bildu eta Juntsekin
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, urriak 13, hedabideetako lerroburu nagusiak:
-EITB Data: Ostalaritza: Hego Euskal Herriko herritarrek 1.300 euro baino gehiago gastatzen dituzte urtean taberna eta jatetxeetan. Familien urteko gastuan, 10 eurotik 1 da hori. Zehatzago, EAEko herritarrek 1.359 euro bideratzen dituzte ostalaritzara urtean, eta nafarrek zertxobait gutxiago, 1.234. EITB Dataren azken azterketan bildu dituzte datuok. 'Etxetik kanpo jatea eta edatea: ohiturak, osasuna, jarduera ekonomikoa…' goiburupean, EAEko eta Nafarroako herritarren kontsumo ohituren inguruko hainbat ondorio bildu dituzte.
-Israelen eta Hamasen arteko gerra: Israelen eta Hamasen arteko gerrak gordin jarraitzen du. Israelek ohartarazpen argia egin dio gaur Hamasi: bahituak askatu arte ez da argindarrik edo urik egongo Gazan. Gazan argindarrik gabe daude asteazkenetik, bertako zentral elektrikoa erregairik gabe geratu baita.
-Sanchez, EH Bildu eta Juntsekin: Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea EH Bildurekin eta Juntsekin bilduko da gaur. Bi bilera horiekin amaituko du presidente izateko inbestidurari begira babesa batzen saiatzeko bilera-sorta.