Irundik Baionara, "Harro Herri" lelopean
Herri oso baten harrotasuna barreiatuko du Korrikaren 23. edizioak, 2024ko martxoaren 14tik 24ra, Irun eta Baiona artean egingo duen ibilbide luze eta oparoan. Urratsez urrats, eta bidean aurkitutako oztopoak oztopo, "Harro Herri" aldarria zabalduko du Euskal Herriko bazter guztietan, hamaika egunez.
Ohi bezala, AEK-k antolatu du euskararen aldeko lasterketaren 23. edizioa, zeinak Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko duen. Frantziar Estatuko hizkuntza legeari aurre eginda, baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen du talde horrek. Ane Elordi Korrikako koordinatzaile nagusiak adierazi legez, "gazte hauek, beren ikasketen une oso erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute, beren notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango diren jakitun". Hartara, Korrikak eskainiko dien omenaldia haien egoera ezagutarazteko bozgorailu izateko itxaropena du Elordik.
Donostian egin dute aurkezpen ekitaldia, San Telmo Museoan. Hain zuzen ere, Korrikaren mezua, irudia eta leloa ezagutarazi ditu gaurkoan Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak. Korrikaren "bidelagunekin" elkartuta, argazki jendetsua egin dute, euskal komunitatearen indarra eta harrotasuna erakusteko.
Esan bezala, Lapurdiko hiriburuan egingo du eztanda Korrika amaierako festak, datorren urteko martxoaren 24an. Egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izango dute bertan euskaltzaleek, bai eta lekukoak eramango duen mezu sekretua ezagutzeko parada ere.
Aurkezpenean, Aitziber Balanzategi AEK-ko Artezkaritza kontseiluaren lehendakariak aitortu du herri aldarri alai eta tinkoa izan nahi duela Korrikak. "Oraindik ere, aurreko edizioko erakustaldia oso iltzatuta dugu begiradan", esan du.
Halaber, azpimarratu du ez dela harrotasun hori konformismoarekin nahastu behar, erakundeek euskararen normalizazioan duten "ardura garrantzitsua" gogora ekarrita. "Herritarren ahaleginarekin batera, hizkuntza politika ausartagoa eta inbertsioak egin behar dituzte", nabarmendu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Abenduaren erdialdean irekiko dute Bilboko Zabalguneko aparkalekua, 549 plazarekin
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak