Amaitu dira ilarak Txorierriko igarobidean, Loiun eta Galdakaoko noranzkoan izandako istripuaren ostean
Bost ibilgailuren arteko talkak ilara luzeak eragin ditu Txorierriko igarobidean (N-637a), Loiu (Bizkaia) parean eta Galdakaoko noranzkoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
Ezbeharra errepide horretako 17. kilometroan izan da, 08:25 aldera. Istripuaren ondorioz, ezkerreko erreia itxi du Ertzaintzak, eta ilarak sortu dira, 6 kilometrorainokoak. Dena dela, 09:45ean garabiak ibilgailuak bidetik kendu ditu, eta erreia zabaldu dute atzera. Hala, pilaketak desagertzea espero dute aurki.
Zorionez, ez da inor zauritu.
Bestela gertatu da GI-2333 errepidean, Oñatiko Zubillaga auzoaren parean. Bi pertsona Arrasateko ospitalera eraman dituzte, euren ibilgailuek aurrez aurre talka egin ostean.