Abisu horia ezarri dute haizeagatik, ostiral gauetik larunbat goizera arte, Bizkaian eta Gipuzkoan
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia aktibatuko du haizeagatik ostiraletik larunbaterako gauean, Bizkaian eta Gipuzkoan, zenbait puntutan 100 km/h-tik gorako haize boladak espero baitituzte.
Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, abisu horia 21:00etatik larunbateko 03:00ak arte egongo da indarrean. Hego haizea zakar ibiliko da, batez ere, Bizkaiko mendebaldeko eta Gipuzkoako ekialdeko mendi inguruetan, 100 km/h-tik gorako ufadak neurtuko baitira bertan, eta 80-100 km/h-koak, gainerako haizeguneetan.
Bizkaiko eta Gipuzkoako toki babestuetan, berriz, 70-80 km/h-ko boladak espero dituzte.
Araban, berriz, haize ufadak 60-80 km/h-koak izan daitezke haizeguneetan eta 50-60 km/h-koak toki babestuetan.