Espetxeratu egin dute Donostian emakume bati sexu-erasoa egiteagatik atxilotutako gizona
Otsailaren 12an, Donostian, sexu-erasoa egitea egotzita asteartean atxilotutako gizona Martuteneko kartzelan espetxeratu dute gaur, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Asteartean atxilotu zuten, 22:00ak aldera. 46 urteko gizona ertzain-etxera eraman zuten, eta gaur eguerdian epailearen esku utzi dute.
Epaileak Martuteneko kartzelan espetxeratzeko agindua eman du, arratsaldeko lehen orduan, aipatutako iturrien arabera.
Otsailaren 12ko goizaldean, erasotzaileak indarkeriaz eta larderiaz emakumea sexualki behartu zuen eta, ondoren, etxetik joan zen.
Ertzaintzak astelehenean izan zuen salaketaren berri, eta ikerketa jarri zuen abian susmagarria aurkitu eta atxilotzeko. Gizonak indarkeria matxistagatik aurrekariak ditu.