Itzalaldi historiko batek kaosa eragin du Iberiar penintsula osoan
Argindarra joan da Euskal Herri eta Iberiar penintsula osoan 12:30 inguruan. Antza, itzalaldiak Espainiako Estatu osoan, Frantzia hegoaldean eta Portugalen ere izan du eragina, eta arazo ugari ari dira sortzen ospitaleetan, errepideetan, enpresetan, etxebizitzetan eta zerbitzu publiko ugaritan. Toki askotan segundo gutxi batzuetako kontua izan bada ere, hainbat eta hainbat lekutan orduak ari da irauten. 13:45ean hasi da argindar sarea bere onera etortzen pixkanaka EAEko eta Nafarroako udalerrietan.
____________________________________________________
ZUZENEAN: jarraitu hemen itzalaldiari buruzko azken ordukoa
_____________________________________________________
Larrialdi-zerbitzuek esan dutenez, ehunka dei ari dira jasotzen, horietako asko igogailuetan ez gora ez behera harrapatuta geratu diren herritarrek egindakoak. Tren, metro eta autobus zerbitzuetan arazo ugari sortu dira, eta baita ospitaleetan ere. Errepide sarean ere izan dira gorabeherak, baina ez da gertakari larririk jazo.
Ospitaleei dagokienez, arazo jakin batzuk egon badira ere, orokorrean ondo lan egin ahal izan dute, larrialdietarako dituzten azpiegiturak martxan jarrita.
Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Krisi Mahaia eratu du itzalaldiaren ondorenak aztertzeko, eta Babes Zibileko Planaren alerta fasea jarri du martxan.
Imanol Pradales lehendakariak azaldu duenez, Euskadin argindarraren % 84 berreskuratu da 18:30erako: ia dena, Araban; % 88, Gipuzkoan; eta % 75, Bizkaian. Dena dela, agintariak nabarmendu du oraindik "ziurgabetasun orduak" geratzen direla, eta ohartarazi du: "Bihar ez da egun normala izango".
Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak eguerdian egin duen premiazko agerraldian, herritarrei "lasaitasuna" eskatzeaz gain, esan die 112 telefonoa larrialdi kasuetarako bakarrik erabil dezatela, "lineak ez kolapsatzeko".
Ildo beretik, Nafarroako Gobernuak ere Larrialdi Plana aktibatu du, eta krisi kabinetea bildu du itzalaldi orokorrarekin sortu den egoera aztertzeko. Foru Exekutiboak ere, larrialdia izan ezean "112 SOS Nafarroara ez deitzea" eskatu du, kolapsoa ekiditeko.
Maria Chivite Nafarroako presidenteak esan du Foru Erkidegoan "normaltasuna lehenbailehen berreskuratzeko" lanean ari direla
Era berean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Segurtasun Batzordearen ezohiko bilera deitu du. Batzarraren aurretik, Red Electrica Españolaren egoitza nagusian izan da, bertako aditu eta arduradunekin.
Espainiako Gobernuko presidenteak ez du hipotesirik baztertu itzalaldiaren jatorriaren gainean, eta kausak direla eta ez espekulatzeko deia egin du. Horren haritik, agintariak azaldu du oraindik ez dagoela argi zerk eragin duen itzalaldia, eta egiezei jaramonik ez egitea eskatu du. Hori dela eta, "kanal ofizialen bidez" informatzea aholkatu die herritarrei.
Red Electrica Española
Arratsaldeko lehen orduan agertu da hedabideen aurrean Eduardo Prieto Red Electrica Española (REE) enpresa hornitzailearen arduraduna, azken orduko informazioaren berri emateko. Esan duenez, 6-10 ordu beharko dituzte egoera bere onera ekartzeko.
Bere hitzetan, oraingoz ez dakite zer arrazoi dagoen arazoaren atzean, baina aurreratu du sarearen "potentzia-fluxu handi" baten ondorio izan daitekeela.
Iberdrolak ere ez du xehetasunik zabaldu, eta ziurtatu du "pixkanaka" ari direla egoera onbideratzen Euskadin. Oraindik, hainbat herri daude argindarrik gabe.
Protokoloei jarraituz, oinarrizko zerbitzuetan, ospitaleetan, adinekoen egoitzetan eta pertsona zaurgarrien bizitokietan sare elektrikoa berrezartzea izan da lehentasuna konpainia elektrikoarentzat.
Metro Bilbao eta Euskotren
Garraio zerbitzu denetan izan du eragina itzalaldiak; Metro Bilbao, horietako bat. Adierazi dutenez, "orduak" beharko dituzte normaltasuna berreskuratzeko. 15:00etan oraindik argindarrik gabe zeuden.
Euskotrenen linea asko ere geldirik daude 12:30etik. Gipuzkoako zerbitzuak hasi dira poliki-poliki martxan jartzen, baina Bizkaian eta Araban etenda daude.
Renfe, Aena, finantza-erakundeak
Aenak zabaldutako informazioaren arabera, euskal aireportuetan ez du ia eraginik izan itzalaldiak, eta aurreikusitako hegaldiak orduan ari dira ateratzen eta lur hartzen. Oro har, ez da ohiz kanpoko atzerapenik egon.
Bere aldetik, Renfek azaldu du itzaldiaren eraginez "hainbat tren geldirik" daudela, eta aurreikusitako joan-etorri asko bertan behera geratu direla.
Finantza-erakundeen kasuan, ia denek esan dute larrialdietarako protokoloak aktibatu eta normaltasunez egin dituztela operazioak. Kutxazain asko, hori bai, zerbitzurik gabe geratu dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Uharteko parrokoak barkamena eskatu eta sareak itxi ditu migratzaileen aurkako txioengatik
Ohar baten bidez argitu duenez, Iruñeko eta Tuterako Elizbarrutia ez dago ados Javier Aizpunek zabaldutako mezuekin, eta aita santuaren hitzak bere egin ditu "giza duintasunak pasaporterik ez" duela azpimarratuz.
Zuzenean: Abordatze Pirata
Donostiako Piraten esku izaten da hiriaren abordaia, Gipuzkoako hiriburuko kaitik irten eta Kontxako hondartzan lehorreratuz. Ekitaldiaren emanaldia 16:25ean hasiko da.
Zuzenean: Artillerok hasiera emango dio 2026ko Donostiako Aste Nagusiari
Kanoikadak Donostiako Aste Nagusiari hasiera emango dio. "Artillero 2026", zuzenean 18:00etatik aurrera.
Trumpek presioa egin dio Irani; Teheran eta Oman, ordea, Ormuzko itsasartea irekitzeko negoziatzen ari dira
Iranek ziurtatu duenez, Omanekin itsas pasabide estrategikoan nabigazio mekanismo berri bat ezartzeko elkarrizketak modu positiboan ari dira aurrera egiten. AEBk berriro irekitzea eskatu du, eta Donald Trumpek mehatxu egin du akordorik lortu ezean Teheranen aurka eraso egingo duela.
Bi ibilgailuren arteko talkak auto-ilarak sortu ditu Galdakaon AP-8 autobidean, Donostiarako noranzkoan
Ibilgailuetako bat errepidetik atera da, eta bestea bidean iraulita geratu da. Istripuaren ondorioz, bi errei itxita egon dira.
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, karabela portugesak agertu direlako
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, eta Getarian eta Zarautzen ere ale handiak iritsi direla ohartarazi dute. Saturraranen, Mutrikun, bainuzale bat anbulantizan eraman dute, karabela portugesek ziztatu egin dutelako.
Gasteizko jaietako egun handia heldu da, eta programazioaren zati handi bat kolokan dago, greba dela eta
Blusen eta nesken koadrilek Andre Maria Zuriari egindako lore eskaintza eta aurreskua izango dira asteazken honetan Gasteizko jaietako egun nagusiko ekitaldi nagusiak. Ikuskizunetako teknikarien grebak La pasión infinita lanaren funtzioa bertan behera uztera behartu du dagoeneko, eta programaren beste ekitaldi batzuk zalantzan mantentzen ditu.
69 urteko motozale bat hil da Gaubean, auto baten aurka talka eginda
Istripuaren ondoren, Txagorritxuko Ospitalera eraman dute zauri larriekin, eta han hil da ordu batzuk geroago.
Martxoaren 3ko sarraskia gogoan, Zeledonek hasiera eman die Ama Zuriaren jaiei
Baskoniaren ordezkariek suziria piztu eta Zeledon jaitsita, festa lehertu da Gasteizen, Andra Maria Zuriaren plaza gainezka zegoela.
Gizon bat hil da Lizarran, balkoi batetik erorita, Poliziarengandik ihesi zihoala, genero-indarkeria kasu baten ostean
Ikerketaren arabera, hildakoa laugarren solairutik erori da balkoi batetik bestera igarotzen saiatzen ari zela, agenteak Santiago plazako etxebizitza batera iritsi direnean. Bertan, emakume batek eraso baten berri eman du. Auzia sekretupean dagoenez, ez dute emakumearen egoeraz informatu.