25 urteko gizon bat atxilotu dute Bilbon, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita
25 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur Ertzaintzak Bilbon, emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Errekaldeko kiroldegiaren inguruan dagoen eremu ireki batean izan da erasoa. Herritar batek deitu du, 10:00ak aldera, 112 larrialdietarako zerbitzura, abisua emateko. Esan duenez, emakume bat aurkitu du gorputzean atzamarkadak eta ubeldurak zituela.
Ertzaintzako Herritarren Babeserako hainbat agente bertaratu dira, eta berehala jarri dute martxan sexu-erasoen biktimentzako protokoloa. Ondoren, Basurtuko Ospitalera eraman dute emakumea.
Handik gutxira, inguruko zelai batean zegoen kanpin-denda baten barruan ustezko erasotzailea aurkitu eta atxilotu egin dute, sexu-askatasunaren aurkako delitua egotzita.
Ertzain-etxe batera eraman dute, eta ondorengo orduotan epailearen esku utziko dute.