Behin-behineko espetxealdia ezarri diote gizon bati Iruñean, neska bati sexu-erasoa egitea egotzita
Iruñeko Instrukziozko 3. Epaitegiak fidantzarik gabeko behin-behineko espetxealdi komunikatua ezarri dio gizon bati, 14 urteko neska bati sexu-erasoa egin izana egotzita.
Maiatzaren 24tik 25erako gauean jazo zen, biktimak salatutakoaren arabera. Adingabea parranda egitera atera zen lagunekin Iruñeko erdialdean, eta Iturrama eta Ermitagaña auzoen artean dagoen etxabe batera joan ziren gero, ezagun batzuekin batera, atxilotua tartean.
Behin etxabean, biktima lokartu egin zen, eta lagun batek ohe batera joateko esan zion. Adingabea 06:30 aldera esnatu zen, atxilotua sexu-erasoa egiten ari zenean. Salaketan jaso zutenez, biktimak erasotzailea identifikatu zuen, duda izpirik gabe, eta hainbat lekukok biktimaren testigantza berretsi dute polizia-egoitzan.
Atxilotuak ukatu egin du egozten diotena, eta jazotakoa ez duela gogoratzen eta adingabeak 16 urte zituela uste zuela esan du. Atxilotuak emaztea eta seme-alabak ditu, baina ez da horiekin bizi.
Fidantzarik gabeko behin-behineko espetxealdia ezarri diote, ihes egiteko arriskua dagoelako. Izan ere, kalean bizi da, eta ez du lanik. Gainera, biktimen lagun-talde bera du.