Berretsi egin dute Mario Lopezi jarritako espetxe-zigorra: 13 urte eta erdi, sexu-eraso jarraituak egiteagatik
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak Mario Lopez Gernika saskibaloi taldeko entrenatzaile ohiari ezarri zion 13 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra, adin txikiko bati modu jarraituan sexu-erasoak egitea leporatuta.
Justizia Auzitegi Nagusiak bere epaian dio Gernikako saskibaloi taldeko entrenatzailearen aurkako "nahikoa kargu-froga" dagoela eta erruduna dela, zalantzarik gabe.
1998 urtean hasi ziren erasoak, eta 3 urte eta erdi inguru iraun zuten: biktimak 13 urte zituen, eta auzipetuak, 31.
Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren epaiaren arabera, gutxienez 50 alditan elkartu zen Lopez adin txikikoarekin, eta horietan "sexu-izaerako jokabide ugari" izan zituen entrenatzaileak. Gainera, probatutzat jo zuen gero eta sarriago egiten zizkiola erasoak, eta gero eta bortitzagoak zirela.
Halaber, ondorioztatu zuen biktimak zuen "egoera pertsonala eta familiarra" baliatu zuela entrenatzaileak erasoak egiteko, bien arteko adin aldeak eta entrenatzaile izateak ematen zion "botere posizioa" erabili baitzituen. Biktimak zion "beldurra" ere erabiltzen zuen. Lehen instantziako epaiaren arabera, biktimak inoiz ez zion entrenatzaileari baimenik eman sexu-harremanak izateko.
Epaia ez da irmoa eta helegitea jartzeko aukera dago Auzitegi Gorenean.