Gasteizen izandako istiluetan gertatutakoari buruz bertsio kontrajarriak eman dituzte GKSk eta alkateak
Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) arabera, "giro lasaian" egiten ari ziren ekimen baten aurka "kargatu" zuen Poliziak, eta 18:00etarako elkarretaratzea deitu dute, Andre Maria Zuriaren plazan. Maider Etxebarria Gasteizko alkateak, bere aldetik, atzoko gertakariak gaitzetsi ditu eta bere esker ona adierazi dio Ertzaintzari eta Udaltzaingoari.
Gasteizen izandako istiluen biharamunean, ez dago gertaturikoari buruzko errelato bateraturik. Izan ere, Andre Maria Zuriaren plazan kanpaldia hasi nahi zutenak —Gazte Koordinadora Sozialista (GKS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista— eta agintariak (Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila eta Gasteizko Udalak) ez datoz bat zer gertatu zen azaltzean.
Segurtasun Sailaren arabera, Andre Maria Zuriaren plazan bilduriko pertsona batzuek objektuak jaurti zizkieten agenteei.
Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gaur, osteguna, egin duten prentsaurrekoan, gezurtatu egin dute "objekturik jaurti" zenik. "Giro lasaian egiten ari ginen ekimen baten aurka kargatu zuen Poliziak", gaineratu dute gaurko agerraldian. Ildo horretan, nabarmendu dute Polizia dela "segurtasun arazoak sortzen dituena".
Atzoko istiluetan lau pertsona atxilotu zituzten —gaur goizean aske utzi dituzte, epailearen aurrera eraman zain—, eta sei ertzain eta udaltzain bat zauritu ziren.
Polizia agenteez gain, hamarnaka zauritu izan zirela adierazi du Koordinadorak; tartean, kazetariak.
Hori guztia dela eta, elkarretaratzea egin dute 18:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan, jasandako "errepresio poliziala" salatzeko.
Gasteizko alkateak istiluak gaitzetsi eta agenteen lana babestu du
Maider Etxebarria Gasteizko alkateak atzoko istiluak gaitzetsi eta eskerrak eman dizkie Ertzaintzari eta Udaltzaingoari.
Gasteizko Udalak ostegun honetan egindako ezohiko osoko bilkuraren hasieran atzoko istiluak gaitzetsi ditu eta babesa erakutsi die zauritutako ertzain, udaltzain eta pertsona guztiei.
EAJ, PP eta PSE-EEk adierazpen bateratua kaleratu dute, eta agenteek pairatutako erasoak salatuz eta GKSko eta etxebizitza sindikatuko kideen jarrera "biolento" eta "antidemokratikoak" gaitzetsiz. Halaber, babes osoa agertu diote Ertzaintzari eta Udaltzaingoari. EH Bildu eta Elkarrekin taldeek ez dute bat egin adierazpenarekin.