Berdintasun Ministerioak baieztatu du Zizur Nagusiko hilketa genero indarkeria kasu bat dela
Aldez aurretik ez zegoen indarkeriagatiko salaketarik ustezko erasotzailearen aurka. Espainiako Estatuan indarkeria matxistak aurten hildako emakumeak 23 dira dagoeneko, eta, guztira, 1.317 dira biktimak zenbatzen hasi zirenetik, 2003tik.
Hilketa gertatu zen etxearen atea zigilatuta, Zizur Nagusian (Nafarroa). Argazkia: EFE
Berdintasun Ministerioak Zizur Nagusiko (Nafarroa) 78 urteko emakumearen hilketa gaitzetsi du gaur, eta baieztatu du genero indarkeria kasu bat dela. Biktimaren bikotekidea, 85 urteko gizon bat, atzotik, asteazkenetik, kartzelan dago.
Ez zegoen genero indarkeriagatiko salaketarik ustezko erasotzailearen aurka, Ministerioak gaur ohar batean jakitera eman duenez. Bertan azaldu duenez, kasu hori baieztatuta, Espainiako Estatuan indarkeria matxistak aurten hildako emakumeak 23 dira dagoeneko, eta, guztira, 1.317 dira datu horiek biltzen hasi zirenetik, 2003tik.
Ana Redondo Garcia Berdintasun ministroak eta Carmen Martinez Perza Espainiako Gobernuak Genero Indarkeriaren aurka duen ordezkariak "erabateko arbuio eta gaitzespena" adierazi dute "hilketa matxista honen aurrean", eta biktimen senideei eta lagunei babesa helarazi diete.
Ministroak eta ordezkariak, gainera, ahalegin guztiak eskatu dizkiete erakundeei eta gizarte osoari, "garaiz iristeko eta heriotza gehiago saihesteko", ohar batean erantsi dutenez.