Egonkortu egin dute Izarbeibarren piztutako baso-sutea
Muruzabal, Eneritz, Añorbe eta Obanos herrietan piztutako baso-suteak uzta bilduta zeuden hainbat zereal-soro eta pinudi bat kaltetu ditu. Suhiltzaileek gau osoa eman dute bertan, eta lanean jarraitzen dute goizean. Artaxoan piztutako bigarren sute baten ondorioz, NA-132 eta NA-6020 errepideak itxi behar izan dituzte, baina biak zabaldu dituzte dagoeneko.
Egonkortu egin dute astearte eguerdian Izarbeibarren (Nafarroa) piztutako sute handia, baina suhiltzaile-talde batek bertan eman du gaua, eta lanean jarraitzen du asteazken goizean ere.
SOS Nafarroak zehaztu duenez, 21:30 aldera hegazkinek eta helikopteroek utzi diote lan egiteari, eta 09:30ean beharrera itzuli dira. Gauean, hiru bulldozerrek sua inguratzeko zereginean jarraitu dute.
Bestalde, Nafarroak nekazaritza jarduera jakin batzuk debekatu ditu aldi baterako, suteak prebenitzeko.
Muruzabal, Eneritz, Añorbe eta Obanos herrietan piztutako baso-suteak uzta bilduta zeuden hainbat zereal-soro eta pinudi bat kaltetu ditu, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Guardia Zibilak Larranzuseko kortatik 400 ardi atera behar izan ditu, Añorbeko udalerrian, Eunateko Andre Maria ermitaren inguruan piztutako sutearen ondorioz.
Abisua 11:51n jaso dute, eta une horretatik aurrera lehorreko eta aireko baliabideen operatibo handia zabaldu da, eremuan bedartza lehorra eta sua zabaltzeko baldintza meteorologiko aproposak baitaude.
Era berean, sua itzaltzeko lanetan Cordovilla, Lizarra, Tafalla eta Zangozako parkeetako baso-brigadak eta Baso Suteen Brigada Helitransporta parte hartzen ari dira. Halaber, Nafarroako Gobernuaren eta MITECOren bina helikoptero eta Agoncillon (Errioxa) basea duen lehorreko karga-hegazkin bat ere mobilizatu dira.
Gainera, inguruko nekazariei laguntza eskatu diete, traktoreekin sutea geldiarazten lagunduko duten suebakiak egiteko. Foruzaingoko agenteek, Guardia Zibilak eta basozainek koordinazio- eta segurtasun-lanetan dihardute.
Sutetik gertu dauden herriguneetan ez da eraginik izan, eta Foru Gobernuak dio sua ez dela haietara iritsiko. Haizea duela hiru urte izan zen sutearen kontrako norabidean doa, eta, beraz, herriek ez dute eraginik.
"Herritar bakoitzari erantzukizuna" eskatu dio Maria Chivite Nafarroako presidenteak, "sute asko ekidin daitezkeelako". Erantzun "azkarra" eta "alkateekin lankidetza ona" azpimarratu ditu.
Bigarren sute bat, Artaxoan
Artaxoan piztutako bigarren sute baten ondorioz, NA-132 eta NA-6020 errepideak itxi behar izan dituzte, kea dela eta.
Sutea NA-6020 errepideko 18,7 kilometro parean piztu da, lehorreko eta ureztatutako laborantza eremuetan eta baso-lurretan. Abisua 19:36an jaso dute.
NA-132 errepidea berriro ireki dute sutea egonkortu ostean. Hegazkinak 21:30etan joan ziren, eta Tafalla, Lodosa, Tutera eta Azkoiengo suhiltzaileek osatutako talde batek bertan eman du gaua, erremate lanak aurrera eramaten.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak