Calin erail duten gasteiztarraren gurasoak gaur iritsiko dira Kolonbiara
Asteazkenean jakin zuen EITB Mediak Kolonbiako Cali hirian euskal herritar baten hilketa ikertzen ari zirela. Raul Lopez gasteiztarraren gurasoak ostiral honetan iritsiko dira Latinoamerikako herrialdera, ikerketaren xehetasun guztiak gertutik ezagutu eta beharrezko izapideak abiatzeko.
Raul Lopezek 39 urte zituen, hiru urte zeramatzan Calin bizitzen eta esana zien senideei bizi zen auzoan segurtasun arazoak zeudela. Haren emazte ohiak EITBri kontatu dio bizilagun batek eman ziola gertatutakoaren abisua Poliziari. Antza denez, bi gizon ikusi zituen gasteiztarraren etxe inguruan, eta, gerturatu zenean, hilik aurkitu zuen, indarkeria zantzuak zituela.
Ikerketak zabalik jarraitzen du. Momentuz ez dute inor atxilotu eta hipotesi guztiak daude zabalik, baina iturri diplomatikoek biktimaren senideei jakinarazi dietenez, litekeena da hilketa lapurreta baten testuinguruan gertatu izana.
Zure interesekoa izan daiteke