Erasoen aurkako protokoloaren bigarren fasea aktibatu dute Bilboko Konpartsek
Lapiko jotzea egingo dute txosnetan ostiraletik larunbaterako gauean, eta larunbatean, abuztuak 23, giza kate batean parte hartzeko deia egin dute.
Bilboko Konpartsek ostiral honetan iragarri dutenez, erasoen aurkako protokoloaren bigarren fasea aktibatuko dute, Aste Nagusiak oraindik bi gau falta dituen honetan. Bart gertatutako erasoek ekarri dute erabakia.
Gauerdian abiatuko dute protokoloa lapiko jotze batekin, eta beste bat egingo dute larunbat goizaldean, 02:00etan, txosnetan. Bihar ere jarraipena izango du ekimenak; izan ere, giza kate bat osatuko dute larunbat arratsaldean, 19:00etan, udaletxeko biribilgunetik abiatuta.
Konpartsek ohar batean azaldu dutenez, "alarma piztu eta erasorik onartuko ez dugula gogorarazi" nahi dute. Gaineratu dutenez, "arazo honi aurre egitea guztion erantzukizuna da: komunikabideena, erakunde publikoena eta norbanakoena".