Marijaiak bederatzi eguneko "festa dionisiakoari" agur esango dio gaur
Bilboko Aste Nagusiko erregina sugar artean desagertuko da gaur gauean, ETB1ek eta orain.eus-ek 22:00etatik aurrera eskainiko duten ekitaldian.
Marijaia, iazko Aste Nagusiaz gozatzen. Argazkia: Europa Press
Marijaia 2025eko Aste Nagusiari agur esateko azken xehetasunak prestatzen ari da. Francis Diez pregoilariak duela astebete baino gehiago iragarri bezala, festak "betiko" iraungo zuela zirudien, baina, bederatzi egun luzeren ostean, amaitzear da. Gaur gauean, 22:00etatik aurrera, itsasadarrean izango da azken agurra, ikuskizun pirotekniko handi batekin. Zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1en eta orain.eus-en.
Aurtengo pregoilaria eta txupinera Marijaiarekin batera joango dira azken bidaia honetan, itsasadarrean zehar, Uribitarteko kaitik Udaletxeko zubiraino. Bertan, sugarrek Marijaiaren espiritua berrituko dute, datorren urtean berriro ere Bilboko Aste Nagusiko erregina gisa suspertzeko.
Horrela, Bizkaiko hiriburuko Aste Nagusiak amaiera bikaina izango du. Udalak 500 jarduera baino gehiago eta konpartsek 600 ekitalditik gora antolatu eta gero, azken egunak eta gauak ez diote hutsik egingo "Aste Nagusiko jainkosari”.
Gustu guztietarako moduko hitzorduak eta une gogoangarriak izan dira, hala nola Gatiburen agurraren hasiera edo Palestinarekiko elkartasun keinuak. Zalantzarik gabe, askok eta askok ahaztuko ez duten Aste Nagusia.
2026ko Aste Nagusia abuztuaren 22tik 30era ospatuko da Bilbon.