Eguraldiak baso-suteak itzaltzeko lanak zaildu ditu berriro Zamora eta Leonen
Arriskuak muturrekoa izaten jarraitzen du, eta arrisku-maila ez da jaitsiko ostegunera edo ostiralera arte. Hori dela eta, arreta handiz jarraitzeko deia egin dute agintariek.
Baso-sutea, astelehen honetan. Argazkia: EFE
Eguraldiak nabarmen zaildu ditu Iberiar penintsulan piztuta dauden baso-suteak itzaltzeko lanak, eta uneotan kezka gehien sortzen duten 14 sute daude Gaztela eta Leonen, Galizian eta Asturiasen. Azken orduotan su batzuk berpiztu dira, eta Porto (Zamora) eta Garaño (Leon) herrietako suteen ondorioz ebakuazio gehiago egin behar izan dira.
Arriskuak muturrekoa izaten jarraitzen du, eta arrisku-maila ez da jaitsiko ostegunera edo ostiralera arte. Hori dela eta, agintariek kontu handiz ibiltzeko eskatu diete herritarrei.
Bien bitartean, Guardia Zibilak 75 urteko gizon bat atxilotu du Gaztela eta Leonen, Molinaseca (Bierzo) herrian piztutako sutearen ustezko egilea delakoan. Hain zuzen ere, sute horrek eragin ditu kalte gehien Gaztela eta Leonen azken orduotan.
Gaztela eta Leonen duela hiru aste piztu zen lehen baso-sutea, eta egoera nahiko kezkagarria da oraindik inguruan. Zamoran, adibidez, Sanabria inguruko bost herri husteko agindua eman berri dute. Horietako lau aurreko egunetan ebakuatu zituzten, abuztuaren 14an Porton piztutako sutearen ondorioz. Zehazki, honako udalerri hauek dira kaltetutakoak: San Ciprian de Sanabria, Coso, Rabano, Barrio de Rabano eta Escuredo. Sua Leonen da jada, eta suhiltzaileek oraindik ez dute lortu kontrolpean hartzea.
Portoko sute basatiak, Zamora eta Leon probintziei eragiten dienak, hiru fronte aktibo ditu oraindik; hain zuzen ere, kezka handiena eragiten duena Cabrera mendilerrokoa da, La Carballeda eskualdea mehatxatu dezakeelako. Zamoran egoera Leonen baino zertxobait hobea bada ere, sugarrek La Bañatik aurrera egin dute Cabrerarantz, ziurgabetasun handia sortuz. Beste bi fokuek, bata San Ciprián de Sanabria inguruan eta bestea Tera arroiluan, kontrol handiagoa dute, nahiz eta etengabeko zaintza behar duten.
Gainera, Garaño (Leon) inguruko sutearen ondorioz, bi herri hustu behar izan dituzte: Mora de Luna eta Vega de Caballeros. Guztira, 90 pertsona ebakuatu dituzte. Litekeena da sutea nahita piztu izana, eta igandetik hona herri hauek ebakuatu behar izan dituzte: Viñayo, Piedrasecha, Portilla de Luna eta Seguera de Luna. Guztira, 180 pertsona atera dituzte etxetik.
Bestalde, Galiziako Xuntak larrialdi-egoerako 2. maila aktibatu du beste sute baten ondorioz, A Pobra do Brollonen, Lugoko probintzian. Galizian, gainera, hiru baso-sute aktibo daude Ourense probintzian. Abuztuaren 8an Galizian hasi zen baso-suteen boladak 92.000 hektarea erre ditu dagoeneko.
Abuztuaren 13an lehen sutea piztu zenetik larunbatera arte, 5.500 hektareatik gora erre dira Asturiasen; gehienak, erabilera publikoko mendietan. Une honetan, kezka oso handia eragiten duten bost baso-sute daude piztuta, horietako hiru Degaña, Cangas del Narcea eta Somiedon, eta bi Ponga eta Cabralesen.
Jarillako (Caceres) baso-sutea abuztuaren 12an piztu zen, eta dagoeneko kontrolpean dago. Extremadurako historiako suterik handiena piztu eta hamahiru egunera lortu dute baretzea. 17.355 hektarea erre ditu, 170 kilometroko perimetroan.
Zure interesekoa izan daiteke