Metro Bilbaoren zerbitzua bere onera etorri da, egun gorabeheratsu baten ondoren
Gaur goizeko matxuren ostean, Metro Bilbaok gorabeherak izan ditu berriro ere arratsaldean. Iluntzeko 23:00ak inguruan, konpainiak jakinarazi du arazoak konpondu dituztela eta zerbitzua berriro martxan dela.
Metro Bilbaoren zerbitzua bere onera etorri da. Gaur goizeko izandako arazoen ostean, "arazo teknikoek" berriro eragin diote zerbitzuari arratsaldean, eta kaosa izan da nagusi hainbat ordutan. Azkenean, gaueko 23:00ak inguruan, ohar labur baten bidez, konpainiak jakinarazi du matxura konpontzea lortu dutela eta zerbitzu guztiak martxan direla.
Zehazki, etenda egon da Lutxana eta Abando arteko zerbitzua, eta Gurutzeta eta San Inazio artekoa.
Azaldu dutenez, gaur goizeko intzidentzia "berriro gertatu da", eta "sare osoan atzerapen orokorrak" eragin ditu.
Goizeko zein arratsaldeko gorabeherak puntako orduetan gertatu dira, eta bidaiariak alternatiba bila izan dira beren lanetatik joateko eta itzultzeko.
Matxurak goizean
Gaur goizean, 08:30ak aldera, konboi batek matxura bat izan du San Inazio eta Sarrikoko geltokien artean. Ondorioz, trenen zirkulazioa ia bi orduz eten da Indautxu eta San Inazio geltokien artean.
Hala ere, zerbitzua 10:30ak aldera berrezarri da.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda