Istripu gutxiago, kontzientzia gehiago: bide-segurtasunaren erronka Euskadin
Azken hamarkadetako hildako kopururik txikiena erregistratu da, baina agintariek diote oraindik asko dagoela egiteko.
2024an, 37 pertsona hil ziren trafiko-istripuetan Euskadin. Azken hamarkadetako kopururik txikiena da, eta, hala ere, kopuru oso handia da. “2000 urtetik gaur arte, urtean 200 biktima baino gehiago izatetik 37 biktima izatera pasatu gara. Datu positiboa da, hilkortasun-datuek behera egin dutelako, baina oraindik asko dugu egiteko”, azaldu du Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak.
Hezkuntza eta kontzientziazioa, jaitsieraren gakoak
Agintariaren ustez, murrizketa ez da soilik araudiaren ondorio, hezkuntzaren eta kontzientziazioaren ondorio ere badelako.
“Segurtasun-uhala derrigor erabiltzea, motozale eta txirrindulariek, besteak beste, kaskoa erabiltzea, puntukako gidabaimena eta abiadura murrizteko neurriak... Horrek eragin du herritarrak jabetzea eta arduratzea. Iaz, adibidez, bizikleta erabiltzaileen artean ez zen hildakorik izan. Beraz, pentsa genezake etorkizunean ez dela hildakorik izango moto-gidari, bizikletazale, oinezko eta gidarien artean. Zaila da, bai, baina ez ezinezkoa”, gehitu du Olabarrik.
Ildo beretik, Stop Bide Indarkeria elkarteko Rosa Maria Trinidadek esan duenez, "gizartea hezi behar da, kontzientziatu, mota guztietako kolektiboak zaintzeko sentsibilizazio-kanpainak egin, haurrekin ikastetxeetan lan egin… hori bizitzan inbertitzea baita”.
Egungo erronkak: alkohola, abiadura eta distrakzioak
Kopuruek behera egin arren, arrisku ugari daude oraindik. Agintariek hiru faktore nagusi nabarmentzen dituzte: alkohola eta drogak, abiadura desegokia eta distrakzioak, batez ere mugikorra erabiltzen delako.
“Gidatzen ari garen bitartean ez dugu ez telefonorik ez nabigatzailerik erabili behar. Ezein dei ez da horren garrantzitsua norbere edo beste batzuen bizitza jokoan jartzeko. Guztion ardura da errepideak leku seguru bihurtzea”, ohartarazi du Trinidadek.
Gazteen erantzukizuna eta bide-hezkuntza
Belaunaldi berrien prestakuntzan ere izan behar du eragina mezuak. “Gazteek askoz kontzientzia handiagoa dute orain guk genuena baino. Beste modu batera gidatuko dute, hainbat balio irakatsi zaizkielako. Kontua da arduraz jabetzea. Errepidean gidari mota asko elkarren ondoan ibiltzen gara, eta denok dugu helburu bera: seguru ibiltzea”, azaldu dute.
Biktimarik ez
Euskadik anbizio handiko helburu baterantz aurrera egiten jarraitzen du: inor ez hiltzea errepideetan. Teknologia, araudia, hezkuntza eta herritarren kontzientziazioa uztartzea da agintariek ezbeharren kopurua murrizten jarraitzeko eta bidearen erabiltzaile guztiak babesteko funtsezkotzat jotzen duten formula.
“Bide-segurtasunaren kudeaketan teknologia berriak erabiltzea funtsezkoa da, baina, betiere, arduraz eta kontzientziaz lagunduta joan behar du”, gaineratu dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera