Shigellosi agerraldi batek alarmak pitzarazi ditu Bilbon
Eusko Jaurlaritzak bost kasu atzeman ditu Bizkaiko hiriburuan, eta hiru kasu ikertzen ari da.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak shigellosi agerraldi baten berri eman du, Bilbon. Momentuz, bost kasu atzeman dituzte, eta hiru ikertzen ari dira. Jaurlaritzak higiene neurriak indartzea eskatu du.
Shigellosia hesteetako infekzio akutua da, gorotz eta aho bidez transmititzen dena, batez ere. Sintomarik ohikoenak sukarra eta beherakoa dira.
Normalean, gaixotasuna berez desagertzen da, 4-7 egun igaro eta gero.
Kasuak atzeman diren unetik, Osasun Sailak eta Bilboko Udalak epidemiologia- eta elikadura-ikerketa aktibatu dute. Horrekin batera, prebentzio-neurriak indartzea eskatu dute.
Momentuz, bost kasu baieztatu dira; hala ere, beste hiru ikertzen ari dira.
Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du oinarrizko higiene-neurriak indartzea garrantzitsua dela; adibidez, eskuak garbitzea, infekzioa hedatzea saihesteko.
Prebentzio-neurriak
Osasun Sailak partekatu ditu shigellosiaren infekzioa prebenitzeko neurri batzuk, eta gomendioak jarraitzearen garrantzia azpimarratu du:
- Eskuak maiz garbitu, urarekin eta xaboiarekin, bereziki komunera joan eta pixoihalak aldatu ondoren, eta elikagaiak manipulatu aurretik.
- Norberaren higienerako tresnak eta elementuak ez partekatzea, eta gainazalak garbi eta desinfektatuta daudela ziurtatzea.
- Elikagaiak eta ura hartzeko modukoak direla, eta tratatuta daudela bermatzea.
- Beherakoa agertzen denean, guztiz osatu arte lan-ingurunera ez joatea gomendatzen da. Sukarra edo gorotzean odola detektatuz gero, funtsezkoa da osasun-zentrora joatea.