Milaka herritar atera dira kalera, indarkeria matxista eta konplizitate sareak salatzeko
Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta Itaia antolakunde sozialistak deituta, dozenaka protesta-ekintza egin dira arratsaldean. Urtea hasi zenetik, Euskal Herriko zazpi emakume hil dituzte haien bikotekide gizonezkoek.
Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean milaka lagun atera dira kalera euskal hiri eta herrietan, elkarte feministek deituta. Euskal Herriko Mugimendu Feministak, alde batetik, eta Itaia antolakundeak, bestetik, manifestazioak egin dituzte bost hiri nagusietan.
'Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista' goiburupean, kaleak bete ditu astearte arratsaldean Euskal Herriko Mugimendu Feministak Baionan, Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean. Indarkeria matxista eta hura sostengatzen duten konplizitate-sareak salatu dituzte.
Bilboko manifestazioa hasi aurretik erakundeei zuzendu zaie Mugimendu Feministako Naia Torrealdai. "Betetzen ez dituzten legeak eta egiten ez dituzten protokoloak erdigunera ekarri eta mahai gainean" jartzeko garaia dela azpimarratu du. "Indarkeria matxista ez da bakarrik gertatzen erasotzen gaituztenean, erakundeen arduragabekeriak indarkeria hori sostengatzen du". Hori dela eta, "politika feminista errealak" martxan jartzeko garaia dela aldarrikatu du.
Manifestazioen amaieran irakurri duten agirian, indarkeria matxistarik gabe aske bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute. Horrekin batera, ohartarazi dute negazionismoak eta eskuin muturrak geroz eta indar gehiago dutela gizartean, eta ondorioz, feminismoaren borrokari esker lortu diren eskubideak kolokan daudela.
Bere aldetik, Itaia antolakunde sozialistak ere manifestazioak egin ditu bost hiriburu nagusietan. Talde horrek ere, eskuin muturreko ideologien gorakada salatu nahi du eta esan du ultraeskuinari "ez zaiola emakumeen aurkako indarkeria axola".
Matxismoa ez dela "asmakeria ideologikoa" azpimarratu dute, eta indarkeria matxista "emakumeon egunerokoan" txertatuta dagoela adierazi dute.
Urtea hasi zenetik, Euskal Herriko zazpi emakume hil dituzte euren bikotekideek.
AZAROAK 25, INDARKERIA MATXISTAREN AURKAKO EGUNA
Zazpi euskal emakume hil dituzte indarkeria matxistaren ondorioz 2025ean
Biktimen artean bikotekide gizonezkoek eraildako lau emakume, aitak hildako neska adingabe bat eta semeek hildako adineko bi emakume daude.