Gutxienez 39 hildako eta 48 ospitaleratu Kordoban, abiadura handiko bi trenen arteko istripuan
Trenetako bat errailetik atera da Adamuzeko (Kordoba) 1. trenbidearen sarrerako desbideraketan eta alboko trenbidean sartu da. Beste tren bat zebilen bide horretan, eta hura ere errailetatik atera da. Madril eta Andaluzia arteko abiadura handiko trenen zirkulazioa bertan behera geratu da.
Gutxienez 39 pertsona hil dira, abiadura handiko bi tren errailetik aterata, Adamuzen (Kordoba), ikerketako iturriek EFE albiste agentziari azaldu diotenez.
Gainera, 122 pertsona artatu dituzte, horietatik 48k ospitaleratuta jarraitzen dute eta 74k, berriz, sendagiria jaso dute azken orduetan.
Malaga-Madrid bidaia egiten ari zen Iryo konpainiaren LD AV 6189 trena errailetik atera da Adamuz parean (Kordoba), 19:45 aldera, eta ondoko trenbidean sartu da, eta Madrid-Huelvako bidea egiten ari zen Renferen LD AV 2384 trenaren aurka talka egin du. Kolpearen ondorioz, bigarren konboia ere bidetik atera da.
Zehazki, Iriyo trenaren azken hiru bagoiak atera dira bidetik, eta, talkaren eraginez, bigarren tren horretako lehen bi bagoiak lau metroko aldapa batetik behera erori dira.
Abiadura handiko trenen zirkulazioa bertan behera geratu da Madril eta Andaluzia artean, istripuaren ondorioz.
Andaluziako Gobernuak Babes Zibileko Larrialdien Lurralde Planaren 1. fasea ere aktibatu du Kordoban.
Istripu "arraroa eta azaltzen zaila"
Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, istripua "arraroa eta azaltzen zaila" izan dela aurreratu du Oscar Puente Garraio ministroak. Horren esanetan, ezbeharra izan duen Iriyo trena nahiko berria da, lau urte baino ez ditu, eta azpiegitura ere orain gutxi berritu da, 700 milioi euroko inbertsioa eginda. Gainera, ezbeharra zuzengune batean gertatu da. Aurreratu du astelehen honetan Adamuzera joatekoa dela, lanak bertatik bertara jarraitzeko.
Horrelako istripuetan gertatu ohi den bezala, batzorde independente batek izango du ikerketa egiteko ardura.
Andaluziako Juntako presidente Juanma Morenok azaldu duenez, tren Istripuen ikerketa batzorde batek argitu beharko ditu gertatutakoaren ingurukoak.
Gauean taldeak lanean aritu dira, gertaturikoa argitzeko. "Ibilgailu oso astunak dira, mugitu egin behar dira, baina kontuan izan behar da mugitzen zaila den burdin mordo bat dagoela. Bitarteko mekanikoak eta makineria astuna erabili behar dira", gehitu du Morenok.
Andaluziako Juntak, gainera, astelehen honetarako aurreikusitako agenda bertan behera utzi du.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernua lanean ari da beste agintari eskudunekin eta larrialdi zerbitzuekin batera, Adamuzen errailetik atera diren bi trenetako bidaiariei laguntzeko.
Halaber, Sanchezek ere bertan behera utzi du astelehen honetarako bere agenda, tartean Alberto Nuñez Feijoo PPren presidentearekin egitekoa zuen bilera.
Duela lau egun egin zioten azken azterketa istripua eragin duen trenari
Ezbeharra izan duen Iryo enpresako trena 2022an eraiki zuten eta azken azterketa pasa den urtarrilaren 15ean egin zioten, duela lau egun, konpainiak ohar bidez jakinarazi duenez.
Iryoren arabera, enpresak istripuaren ikerketaz arduratuko den batzordearekin kolaboratuko du, eskatzen dioten informazio guztia helaraziz, gertaturikoa argitzen saiatzeko.
Azaldu duenez, etengabeko harremanetan daude inplikatutako erakunde guztiekin —Garraio Ministerioa, Adif, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza, Andaluziako Junta eta Adamuzeko eta Kordobako Udala—.
Adifek 900 101 020 telefonoa jarri du trenean zihoazen senideei informazioa emateko, eta, Iryok, 900 001 402 zenbakia.
Lehendakariak elkartasuna adierazi die hildakoen senide eta lagunei
"Hildakoak beti gogoan. Elkartasuna haien senitarteko eta lagunei. Zaurituak ahal bezain azkar osatu daitezeela. Zuekin gaude", idatzi du Imanol Pradales lehendakariak X sare sozialean.
Zure interesekoa izan daiteke
Epailearen aurretik igarotzeko zain jarraitzen du Azpeitiko ustezko hiltzaileak
Ertzaintza haren bila ari zen asteartetik, eta azkenean, larunbat goizaldean, ustezko hiltzaileak bere burua entregatu du Ondarroako ertzain-etxean. Arma bat zeraman soinean, baina oraindik ez dute jakinarazi hilketan erabilitakoa ote den.
Ehunka lagunek harrera egin diote Freedom Flotillako ontziari Euskadin
Asteartera arte (hilak 8), Euskadin egoteko asmoa du. Egun horretan, Vigora abiatuko da, eta, ondoren, Mediterraneoko beste hainbat gunetara jarraituko du. Ontziak Bilbon egingo duen egonaldian, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, besteak beste, hitzaldiak, emanaldiak, Palestinako azoka eta flotillako aktibistekin prentsaurrekoa.
25 urteko emakume bat atxilotu dute Eltziegon, bikotekidea harrapatzea leporatuta
Etxeko indarkeriaren esparruan hilketa-saiakera delitua egotzi diote. Gertaera larunbat goizean jazo da, 07:30ak aldera. Atxilotua polizia-etxera eraman dute eta, eginbideak amaitu ondoren, epailearen esku utziko dute.
20 urteko mutil bat hil da Lekeitioko Antzar Egunean, hesi batetik erorita; ospakizuna bertan behera utzi dute
Gaztea portuan zegoen, antzarren proba jarraitzen, eta bi metro inguruko altueratik erori da. Milaka lagun bildu dira gaur Lekeition, eta ekitaldia normaltasunez ari zen garatzen istripua gertatu den arte.
4.000 pertsona inguru bildu dira Donostiako Sagardo Egunean
Gipuzkoako 32 sagardotegitako sagardoak dastatzeko aukera eskaini dute. Trikitilari eta bertsolarien musikaz girotu dute eguna. Une hunkigarrienetako bat Jabier Ansorena eta Marian Matasen omenezko ekitaldia izan da.
Irailaren 5a Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu dute Irunen
Irungo Udalak Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu du irailaren 5a, Udaleko talde politiko guztien babesarekin. Kolpe militarra, gerra eta diktadura sufritu zituzten irundar guztiak oroitu dituzte gaur.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Urdulizen, hiru pertsonari botilak jaurtitzea leporatuta
06:20 aldera jazo da erasoa, metro geltokitik gertu. 200 bat lagun bildu dira inguruetan. Atxilotua aurretik ere atxilotu dute antzeko gertakariengatik.
Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Barakaldoko hilketaren susmagarriari
Barakaldoko lehen auzialdiko guardiako epaitegiak hartu du erabakia.
Hiru pertsona atxilotu dituzte Gernikan, 14 urteko neska haurdun bat ezkontzera behartzea egotzita
Hiru atxilotuak (adingabearen gurasoak eta 27 urteko gizon bat) behin-behinean aske utzi ditu epaileak. Hala ere, auzitegira joan beharko dute deitzen dituztenean. Halaber, 17 urteko mutil baten bila ari dira, haurraren ustezko aita, baina ez dute aurkitu.
Datorren astean hasiko dira Topoaren lurpeko pasanteko trenen probak
Azpiegitura Gabonetan egongo da erabiltzaileko prest, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera.