"0" kalifikazioa jarri diete zortzi ikasleri USaPeko euskara azterketan, EHUren akats informatiko baten ondorioz
Bizkaiko epaimahai batean izan da akatsa, eta "0" batekin ez aurkeztutako gisa gaizki kalifikatu ziren notak. Unibertsitateak akatsa atzeman du, aktak berrikusi ditu eta nota errealak sartu ditu sisteman, eta dagozkien zentroei jakinarazi die.
USaP azterketen eguna, artxiboko argazkia. EFE
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) jakinarazi duenez, Unibertsitatean Sartzeko Probaren (USaP) kalifikazioak kontsultatzeko plataforman akats teknikoa izan da, eta, ondorioz, euskarazko azterketan zenbait ikasleri zerokoa jarri zieten. Kalifikazioa oker zegoen, ez aurkeztutako gisa agertzen baitziren.
Intzidentziak, zehazki, Bizkaiko epaimahai bateko zortzi ikasleri eragin die, Unibertsitateak baieztatu duenez. Akatsaz jabetu ostean, unibertsitateko informatika zerbitzuek eta akademietako arduradune berehala ekin zioten aplikazio informatikoko datuak berrikusteari. Akta fisikoekin alderatu ondoren, kaltetutako ikasleen benetako notak sartu zituzten sisteman.
EHU zuzenean jarri zen harremanetan kaltetutako ikasleen ikastetxeekin, egoeraren berri emateko eta arazoa jada konponduta zegoela jakinarazteko.
Unibertsitateak lasaitasun mezua zabaldu du, eta informazio akademiko guztia sisteman behar bezala eguneratuta eta kontsultagai dagoela bermatu.
Azkenik, erakundeak gogorarazi du, gorabehera puntual hori konpondu bada ere, sarbide proben egutegi ofizialaren datak berdin jarraitzen duela, eta ikasleren bat bigarren ikuskapen bat eskatu nahi izatera, epea zabalik dagoela.