Epaileak aske utzi ditu Hezbollahrekin zerikusia dutelakoan Bizkaian atxilotutako bi lagunak
Pasaportea kendu diete eta 15 egunean behin epaitegian agertu beharko dute. Bi gazteak "inperialismo genozida salatzearen aurkako kanpaina bat" salatu duen Iranekin bat plataformako kideak dira.
Fidantzarik gabe baldintzapean aske utzi ditu Jose Luis Calama Auzitegi Nazionaleko epaileak asteartean Bilbon eta Getxon atxilotutako bi gazteak.
Kautelazko neurri hauek ezarri dizkiete: pasaportea kendu diete, Espainiako Estatutik irteteko debekua ezarri diete, 15 egunean behin euren bizilekuetatik gertuen dagoen epaitegian agertu beharko dute, eta edozein unetan lokalizatu ahal izateko bizilekuaren eta telefono-zenbaki baten berri eman behar dute.
Polizia iturrien arabera, Hezbollahren eta talde armatu palestinarren propaganda bideoak gaztelaniaz zabaltzen dituen Telegrameko kanal baten ustezko arduradunak izatea leporatzen diete. Besteak beste, Irango erregimenaren irudiak zabaldu eta soldadu israeldarren aurkako erasoen berri ematen zuten bide horretatik, epailearen arabera.
Hezbollah Libanoko Parlamentuan presentzia duen legezko alderdi politikoa da. Horren beso armatua Europar Batasuneko talde terroristen zerrendan sartu zuten, baina ez erakunde osoa.
Iranekin bat taldearen salaketa
Atxilotutako bi gazteak Iranekin bat plataformako kideak dira, eta horien arduradunek elkarretaratzea egin dute ostiralean Bilbon, "Erresistentzia ez da delitua" lelopean.
Atxiloketak plataformaren eta plataformako kideen "seinalatze mediatiko bat" izan ondoren egin dituztela salatu dute. Taldeak elkartasuna adierazi die bi atxilotuei, eta "elkartasun internazionalistaren errepresioa eta kriminalizazioa" salatzen jarraituko dutela azpimarratu dute.