20 urte bete dira puntu bidezko gidabaimena indarrean sartu zela Hego Euskal Herrian
Errepideko heriotza-tasa % 60 jaitsi da puntu bidezko gidabaimena indarrean sartu zenetik. Bi hamarkada hauetan, Espainiako Estatuan 72 milioi puntu baino gehiago galdu dituzte gidariek, gehienbat abiadura-mugak gainditzeagatik, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik eta semaforoa gorri dagoela ez gelditzeagatik.
Ertzaintzaren kontrol bat. Artxiboko irudia
Puntu bidezko gidabaimenak 20 urte bete ditu Hego Euskal Herrian. Bi hamarkada hauetan, gidariek 72 milioi puntu baino gehiago galdu dituzte Espainiako Estatuan. Galtzeko arrazoi nagusiak abiadura-mugak gainditzea, alkoholaren eraginpean gidatzea eta semaforoa gorri dagoela ez gelditzea izan dira.
Neurria bi helburu nagusirekin ezarri zen: gidarien portaera hobetzea eta errepideko heriotzak gutxitzea. Helburua bete dela esan daiteke, gidabaimena indarrean sartu zenetik istripuetan hildakoen kopurua % 60 jaitsi baita. DGTren datuen arabera, 2005ean 4.442 pertsona hil ziren errepidean eta 2024an, aldiz, 1.785. Horrek esan nahi du milioi bat biztanleko heriotza-tasa 101etik 37ra igaro dela.
Sistema hau Alemania eta Frantziako ereduetan oinarritu zen. Hasieran, Hego Euskal Herriko gidariei hamabina eman zitzaizkien —8 puntu gidari berriei—, eta urterik urte ondo gidatuz gero, gehienez 15 puntu eskura zitezkeen. Neurriak zalaparta handia eragin zuen hasieran, filosofia erabat aldatzen zuelako: gidabaimena betiko izatetik, puntu faltagatik galtzeko arriskua agertu zen. Hala ere, emaitzak berehalakoak izan ziren, eta lehenengo hiru urteetan istripuak ia % 30 murriztu ziren.
Abiadura, alkohola eta semaforoak: arau-hauste nagusiak
Bi hamarkadotan, puntu bidezko gidabaimenak 72,1 milioi puntu baino gehiago kendu dizkie gidariei Espainiako Estatuan, 20 milioi zigor baino gehiago ezarrita. Abiadura-mugak gainditzea izan da puntuak kentzeko arrazoi nagusia (guztira 24,4 milioi puntu), eta atzetik datoz alkoholaren eraginpean gidatzea (9,2 milioi) eta semaforoa gorri dagoela ez gelditzea (8,4 milioi). Arau-hauste larrienek —hala nola baimendutako alkohol-tasa gainditzeak, drogaren kontsumoa, eta gidatu bitartean mugikorra eskuan eramatea— sei puntuko zigorra dakarzkie gidariei. Hala, 2024an ia 30.000 lagunek galdu zuten gidabaimena.
Gidarien jarrera okerrak zuzentzeko asmoz, sistemak sentsibilizazio eta bide-heziketako ikastaroak jarri zituen martxan, eta ikastaroa egin dutenen % 88,4k ez dute arau-hausterik egin hurrengo sei hilabeteetan.
Ereduak bi lege-erreforma izan ditu indarrean sartu zenetik (2011n eta 2022an); azkenekoak gidatu bitartean mugikorra erabiltzeagatiko zigorrak gogortu zituen, eta telefonoa eskuan eramate hutsagatik kendutako puntuak 3tik 6ra igo ziren.
Etorkizunari begira, araudia eguneratzen jarraituko dutela nabarmendu du DGTk; besteak beste, baimendutako gehieneko alkohol-tasa 0,2 g/l-ra jaistea aztertzen ari dira.