Etxebizitzen alokairuarekin ustez iruzur egiten zuen gizona atxilotu dute, EITBk kasuaren berri eman ostean
Ertzaintzak 41 urteko gizon bat atxilotu zuen astelehenean Iurretan (Bizkaia), egonaldi luzeetarako etxebizitzen alokairuarekin lotutako ustezko iruzurrengatik. Bilboko Deustu auzoan hainbat pertsonari ustez iruzur egin zien gizona da, eta EITBk plazaratu zuen kasua.
Hain zuzen ere, Bilboko ertzain-etxean uztailetik aurrera jarritako hainbat salaketaren ondorioz hasi zen ikerketa.
Ertzaintzak deskribatutako modus operandiaren arabera, atxilotuak alokairu turistikorako etxebizitza bat alokatzen zuen egun batzuetarako, plataforma baten bidez, datu faltsuak erabilita. Ondoren, etxebizitza hori beste plataforma batean argitaratzen zuen, eta egonaldi luzeko alokairurako higiezin gisa eskaini. Oporretarako etxebizitza gisa alokatuta zituen egunak aprobetxatzen zituen egonaldi luzeetarako alokatu nahi zutenei erakusteko eta alokairu kontratuak formalizatu eta hasierako fidantza eskatzeko.
Hainbat kontratu egin zituen hainbat pertsonarekin, higiezin beragatik.
Oraingoz, 36 biktima identifikatu dituzte, eta iruzurraren zenbatekoa 44.000 eurokoa izango litzateke.
Ertzaintzak adierazi duenez, Bizkaiko, Arabako eta Kantabriako hainbat etxebizitzatan jardun zuela egiaztatu dute. EAEn, 3 higiezin alokatu zituen Bilbon, eta bana Barakaldon, Basaurin eta Gasteizen.