Txertaguneen azken eguna, gripearen eta covid-19aren aurkako 55.000 txerto eman ondoren
Gune horietara hurbildu diren pertsonen % 15ek gutxienez bost urte zeramatzaten txertoa hartu gabe. Txertatutako pertsonen % 52k 60 eta 79 urte artean ditu, baina adin desberdinetako pertsonak ere artatu dituzte egunotan.
Pertsona bat txertoa hartzen anbulatorio batean. Artxiboko argazkia: Osakidetza
Txertagune bezala ezagututako txertaketa gune irekiek gaur, azaroak 1, emango diote amaiera euren jarduerari, bi astez aurretiko hitzordurik gabe txertaketa eskaini ostean. Zehazki, Osakidetzak gaitutako gune horietan 38.000 txerto inguru eman dituzte gripearen aurka eta 17.000 baino gehiago covid-19aren aurka, joan den urriaren 19tik ostegunera arte.
Guztira, egunean 3.400 txerto inguru eman dira gripearen aurka. Txertatutako pertsonen % 52k 60 eta 79 urte artean ditu, baina txertaguneek adin eta profil desberdineko pertsonak ere artatu dituzte egunotan.
Lurraldeka, Bizkaian gripearen aurkako 15.000 txerto baino gehiago eman dituzte, Gipuzkoan 14.000 baino gehiago eta Araban 8000 baino gehiago. Gainera, puntu horietara joan diren pertsonen % 15ek gutxienez bost urte zeramatzaten gripearen aurkako txertorik hartu gabe.
Bizkaiko eta Gipuzkoako txertaketa puntuek ateak itxi dituzte dagoeneko, eta Gasteizkoa, berriz, 21:00ak arte egongo da zabalik. Hala, Arabako hiriburuan oraindik aukera dago txertoa hartzeko aldez aurretik hitzordurik eskatu gabe.
Astelehenetik igandera eta ordutegi zabalean txertoa jartzeko aukerak milaka pertsona erakarri ditu. Astelehenetik aurrera, azaroak 2, gripearen edo covid-19aren aurkako txertoa jaso nahi dutenek hitzordua eskatu beharko dute beren ohiko anbulatorioan.