GARRAIO PUBLIKOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Topoak 7,5 minutuan behingo maiztasuna izango du Añorga eta Pasaia artean azaroaren 21etik aurrera

Lurpeko aldez aldekoa datorren azaroaren 21ean jarriko da martxan, eta horrek ahalbidetuko du, esaterako, asteburuetako maiztasunak bikoiztea Zumaiatik (30 minutuan behin) eta Lasarte-Oria – Irun / Hendaia tartean (15 minutuan behin). 

Iragarkia
18:00 - 20:00

Atzerako kontaketa hasi da Donostiako Topoan. Bederatzi egun barru, azaroaren 21ean, jarriko da martxan 4,2 kilometroko lurpeko aldez aldekoa, eta azpiegitura berri horri esker 7,5 minutuan behingo maiztasuna izango dute trenek Añorga eta Pasaia artean, Susana Garcia Chueca Mugikortasun Iraunkorreko Sailburuak gaur, ostegunarekin, azaldu duenez. Halaber, egun horretan bertan irekiko dituzte Donostiako hiru geltoki berriak: Amara, Bentaberri eta Kontxa-Zentroa.

Gauzak horrela, 7,5 minutuan behingo maiztasuna Topoak Añorga eta Pasaia artean dituen 11 geltokietara zabalduko da. Euskotrenek aurreikusi du guztira 276 joan-etorri egitea egunean, lanegunetako zerbitzua osatzeko.

Maiztasunak lanegunetan

·         E1 Matiko/Bilbo - Pasaia: 60 minutuan behin

·         E1 Zumaia - Pasaia: 30 minutuan behin

·         T1 Lasarte Oria - Hendaia: 30 minutuan behin (Lasarte Oria – Irun, 15 minutuan behin)

Susana Garcia Chueca Mugikortasun Iraunkorreko Sailburuak azaldu duenez, "Euskal Trenbide Sarea hiru geltoki berriak amaitzen ari da, eta Euskotren 197 makinisten prestakuntza amaitzen ari da. Beraz, atzera-kontua martxan dago; Topo berriaren zerbitzuak, maiztasun eta geltoki berriekin, Donostiaren eta metropoli-eremuaren mugikortasun-beharrei erantzuten die, oraingoei eta etorkizunekoei, eta benetan erabilgarria izango da egunerokoan".

Topo berrian aurreikusitako maiztasun gehikuntzak direla eta, Euskotrenek bost tren berri eskuratu ditu. 

Maiztasunak asteburuetan

Euskotrenen zerbitzuen maiztasunetan izandako hobekuntzak ez dira lanegunetara mugatuko, eta maiztasunak handituko dira asteburuetan ere. 

Zumaia-Pasaia artean egungo zerbitzua bikoiztuko da, eta trenak urte osoan 30 minuturo ibiliko dira (igande goizetan 60 minuturo), eta ez udan bakarrik, orain arte bezala.

Añorga eta Pasaia artean 7,5 minutuko maiztasuna izango dute trenek, igande goizean izan ezik, 15 minutukoa izango baita. 

Lasarte Oria–Irun linean larunbat eta igandeetako maiztasuna 30 minututik 15era igaroko da.

Amaitzeko, Lasarte Oria – Hendaia linean larunbat gaueko maiztasuna nabarmen handituko da, eta 30 minuturo ibiliko dira trenak. Orain, neguan, bi ordutik behin igarotzen dira eta udan, orduero.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X