122 pertsona atxilotu dituzte bart Parisen, pentsioen erreformaren kontrako protestetan
Frantziako Barne Ministerioak egindako kalkuluen arabera, gutxienez 122 pertsona atxilotu dituzte larunbat honetan Parisen, Emmanuel Macron presidentearen Gobernuak ezarritako pentsioen erreformaren aurkako protestetan. Ostegunean, dekretu bidez onartu zuten erreforma, Konstituzioaren 49.3 artikulura joz. Artikulu horrek edozein arau Asanbladan bozketarik egin gabe onartzea dakar, zentsura-moziorik ezartzen ez bada, beti ere.
Frantzia osoan izan dira mobilizazioak larunbat honetan. Jendetsuena, Parisen. Bertan, 20:00etan, manifestarien aurka jo zuen Poliziak, gas negar-eragilea erabiliz; "barrikadak jartzen eta zabor-ontziak erretzen saiatzen diren gaikileen eta zalapartarien" aurka, Poliziaren arabera.
Bestalde, debekatu egin zuten atzo, Konkordia plazan eta Eliseoko Zelaietan manifestazioak egitea.
Marseilla, Toulouse, Nantes eta Gap hirietan ere milaka lagun atera ziren protestan eta horietan ere atxiloketak izan ziren.
Sindikatuek bederatzigarren greba eta manifestazio eguna deitu dute datorren ostegunerako.
Zentsura mozioak Macronen aurka
Oposizioa gogor mintzatu da Gobernuaren aurka, "Konstituzioaren aurka" aritzea leporatu diote Macroni, baita "herriaren aurka" aritzea ere, Antoine Leument Frantzia Intsumisoaren diputatuaren esanetan.
Astelehenean, erreforma eztabaidatuko da Asanblea Nazionalean eta Errepublikarren jarrera erabakiorra izango da. Bi zentsura mozio aurkeztu dituzte Macronen aurka eta errepublikarren botoa beharrezkoa litzateke horietakoren bat aurrera ateratzeko.
Bruno Le Maire Ekonomia ministroak oharatarazi die "pailazokeria" dela diputatu kontserbadoreek muturreko alderdiekin batera botoa ematea.
Zure interesekoa izan daiteke
Iliana Yotova hautagai errusiazaleak irabazi ditu Bulgariako presidentetzarako hauteskundeak
Hegazkin pribatu bat Palm Beacheko etxe-gune batean erori den unea
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte