Israel: "Gure betebeharra Gazan sartzea da"
Tentsioa maila gorenean dago Gazako mugan, eta ehunka tanke eta soldadu daude bertan lurreko inbasioa hasteko agindua jasotzeko zain.
Israelgo Indar Armatuen buruak, Herzi Halevi jeneralak, Gazako Zerrendaren inguruan bildutako tropen aurrean ziurtatu du "laster" sartuko direla Palestinako enklabean eta "irabazteko" sartuko direla.
"Orain, gure betebeharra Gazan sartzea da, Hamas dagoen lekuetara joatea. Edonon erasoko diegu, komandante guztiei, kide bakoitzari; azpiegitura suntsitzera goaz; irabaztera, hitz batean", adierazi du.
Israelgo Energia ministro Israel Katzek iragarri du Gaza hegoaldeko hainbat eremutarako ur-hodiak zabalduko dituztela, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak eta AEBko presidente Joe Bidenek hala adostuta.
Lurreko erasoaldia asteburu honetarako zegoen aurreikusita, baina eguraldiagatik atzeratu dute, antza. The New York Times egunkariak zabaldu duenez, zeru lainotua oztopo da Israelgo Armadarentzat, lurretik ari diren soldaduei laguntzeko erabiltzen dituzten droneak eta hegazkinak gidatzea zailtzen duelako.
Aipatu iturrien arabera, soldadu israeldarrak Gazan sartu ahala Hamasek pasabide gisa erabiltzen dituen tunelak eraistea espero du Armadak.
"Armetan altxatu diren munstro gaiztoak suntsitzeko prest"
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa larrialdiko gobernuaren lehen agerraldi publikoaren buru izan da. "Gure borrokalari zoragarriak prest daude edozein unetan gure aurka armetan altxatu diren munstro gaiztoak suntsitzeko", adierazi du.
"Hamasek uste zuen desegin egingo gintuela, baina gu izango gara Hamas desegingo dugunak", gaineratu du.
Israelgo Armada Gazako Zerrenda osoari erasotzeko prestatzen ari da
Hamas Erresistentzia Mugimendu Islamikoko zuzendaritza politikoa eta militarra suntsitzea da Israelgo Armadaren helburua, aurreko asteko erasoaldian 1.400 israeldar baino gehiago hil ostean, 286 militar tartean.
Israelek Gaza bonbardatuz erantzun dio Hamasi, eta 2.450 palestinar hil ditu orain arte.
Gazako egoera humanitarioa gero eta zailagoa da Israelen balizko inbasioaren atarian
Gainera, Gazako Zerrenda ur eta argindar hornidurarik gabe utzi du, eta ez du laguntza humanitarioa sartzen uzten.
Ebakuazioa blokeatzea egotzi diote Hamasi
Israelek ultimatuma eman zuen Gazako iparraldea jendez husteko, eta zibilen ebakuazioa blokeatzea egotzi dio Hamasi. Horren aurrean, Israelgo Armadak iragarri zuen Gaza iparraldeko eta erdiguneko herritarrentzat korridore bat irekiko zuela 10:00etatik 13:00etara (Euskal Herriko 09:00etatik 12:00etara). Israelek hitzeman zuen zibilek "bonbardaketa arriskurik gabe" erabili ahalko zutela Saladino errepidea Khan Yuniseraino.
Jonathan Conricus koronel israeldarrak Gaza iparraldetik alde egiteko deia egin zien herritarrei, eta ohartarazi zien lurreko tropak zabaldu dituztela Gazako muga osoan, eta "operazioaren hurrengo faserako prestatzen" ari direla.
"Entzun gure oharrak. Jarduera militar handiak egongo direla esaten ari gara, eta zibilei ebakuatzeko deia egiten diegu, euren segurtasunagatik", azpimarratu zuen Conricusek mezu ofizial batean.
Joe Biden AEBko presidenteak telefonoz hitz egin du Mahmoud Abas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearekin, Gazako laguntza humanitarioari buruz.
Bidenek Abasi esan dio eskualdeko kideekin lan egiten ari dela Gazako herritarrek laguntza humanitarioa jaso dezaten.
Iranen abisua
Israelek Gazan egindako krimenen aurrean "ikusle" hutsa ez dela izango ohartarazi du Iranek, eta gatazka eskualdean zabaltzeko aukeraz ohartarazi du.
Hosein Amir Abdolahian Irango Atzerri ministroak, Iraken, Libanon, Sirian eta Qatarren bira bat egin ostean, ohartarazi du gerran beste fronte batzuk irekitzeko aukerek "gora" egiten dutela "orduro", Gazako erasoak gelditzen ez badira: "Agertoki guztiak mahai gainean daude".
Hamasen komandante bat hil dute
Bien bitartean, Israelgo Defentsa Indarrek iragarri dute Bilal al Kedra Hamaseko komandantea hil dutela. Nirim eta Nir Oz kibbutzetako erasoen ardura egozten diote.
Gainera, Hamaseko eta Palestinako Jihad Islamikoko kide batzuk ere hil dituztela jakinarazi dute.
Era berean, larunbatean iragarri zuten Murad Abu Murad Hamasen operazioen burua eta Ali Qadi Nujba erasorako indarretako komandantea hil zituztela.
Zure interesekoa izan daiteke
Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan
Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.
Sussexeko dukeak, Harry eta Meghan, Erresuma Batura itzuliko dira, baina Errege Etxetik kanpo jarraituko dute
Sussexeko dukeek, Harryk eta Meghanek, Erresuma Batura itzultzea erabaki dute, eta han matrikulatu dituzte bi seme-alabak, Archie eta Lilibet, oraindik identifikatu gabeko ikastetxe batean. Bikoteak Errege Etxetik urrun jarraituko du eta Londrestik kanpo biziko da, hedabide britainiarren arabera.
Gutxienez 15 pertsona hil dira Errusiak Kieven aurka egindako erasoan
Ukrainako presidenteak salatu duenez, erasoan etxebizitza eraikinak, haurrentzako ospitale bat eta eskola bat kaltetu dira, eta Odesa eskualdean mugako postu bati eta gas azpiegitura bati eraso egin diete errusiarrek.
Gutxienez 107 pertsona hil dira urre-meategi bat hondoratuta Afrika Erdiko Errepublikan
Ustiategi irregularra Kamerungo mugatik gertu dago. Tokiko agintariek ohartarazi dute biktima kopuruak gora egingo duela erreskate-lanetarako baliabide urriak direla eta.
Eutanasia eta heriotza lagundua ahalbidetuko dituen legea promulgatu du Macronek
Legea Frantziako Aldizkari Ofizialean argitaratu da, legea indarrean sartu aurretik eman beharreko ezinbesteko pausoa.
Haurrak Facebook eta Instagramera katigatu nahi izana ukatu du Metak epaiketa federalaren hasieran
29 estatu estatubatuarrek Facebook eta Instagram nahita manipulatu izana eta Interneten Haurren Pribatutasuna Babesteko Legea (COPPA) urratu izana leporatzen diote Metari.
AEBko bandera, kolono israeldarren aurrean babesteko erreminta
Loui Ridik Ohio utzi eta Zisjordaniara itzultzea erabaki du bere etxea eta familia kolono israeldarrengandik defendatu ahal izateko.
Bruselak Ceutan dauden migratzaile adingabeak Marokora itzultzearen alde egin du
Europako Batzordeko bozeramaile Markus Lammertek berretsi du hiri autonomoan legez kanpo dauden migratzaile guztiak itzuli behar direla, eta espero duela Espainiako eta Marokoko agintariek hori bermatzeko lan egingo dutela.
Baso-suteek ez dute tregoarik ematen Europan
Dozenaka sutek kontinente osoa kiskali dute uda honetan. Baso Suteei buruzko Europako Informazio Sistemaren (EFFIS) datuen arabera, abuztuaren 12ra arte 576.027 hektarea erre ziren lurraldean. Hauek dira sugarren suntsipena erakusten duten satelite-irudi batzuk.
AEB eta Iran bake-elkarrizketa "estraofizialak" egiten ari dira, Trumpen arabera
Bake Memorandumean ezarritako 60 eguneko epea amaitzen den egunean, AEBko presidenteak berretsi du Iranek amore eman beharko lukeela. Horrez gainera, Oman bonbardatzearekin ere mehatxu egin du, honek Ormuzeko itsasartearen kudeaketan esku hartuko balu.