Gerra Ukrainan
Gorde
Kendu nire zerrendatik

AEBko ordezkaritza bat Moskura joan da su-eten egitasmoa Errusiako agintariei aurkeztera

Su-eten proposamenari buruz Moskuren aldetik "mezu positiboak" jaso dituela esan du Trumpek, baina "mezu positibo batek ez du ezer esan nahi. Oso egoera larrian gaude. Egoerak Hirugarren Mundu Gerra ekar lezake", erantsi du.
Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramailea. Argazkia: EFE
Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramailea. Argazkia: EFE

Karoline Leavitt Etxe Zuriaren bozeramaileak baieztatu duenez, Steve Witkoff AEBren ordezkaria Moskura joango da ostegun honetan, su-eten egitasmoa aurkezteko.

Etxe Zuriak jakinarazi duenez, Mike Waltz Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Nazionalaren aholkulariak telefonoz hitz egin du Sergei Shoigu Errusiako homologoarekin, Kremlinek Washingtonek proposatutako eta Kievek onartutako su-etena onartzeko bilera egin baino ordu batzuk lehenago.

Leavittek hedabideei azaldu dienez, Waltzek "Errusiako homologoarekin (Sergei Shoigu Errusiako Segurtasun Kontseiluaren idazkariarekin) elkarrizketa bat izan du, eta presidentearen taldeak (Donald Trump) konprometituta jarraitzen du", asteartean, Jiddan (Saudi Arabia), AEBk Ukrainarekin adostu zuen plana indarrean sartu dadin.

"Plan horrekin bat egin dezaten eskatzen diegu errusiarrei. Inoiz baino gertuago daukagu bakea. 10 yardetako marran gaude, eta presidenteak (Trump) espero du errusiarrek touchdowna (entsegua) egiten laguntzea", nabarmendu du Leavittek.

Trump: "Errusiak du hitza orain"

Donald Trump AEBko presidenteak berak esan du "mezu positiboak" jaso dituela Moskuren aldetik Washingtonek Ukrainari proposatutako su-eten akordioari buruz, eta baieztatu du AEBren ordezkariak Errusiara bidean direla.

"Mezu positiboak jaso ditut, baina mezu positibo batek ez du ezer esan nahi. Oso egoera larrian gaude. Egoerak Hirugarren Mundu Gerra ekar lezake", ohartarazi du Trumpek, Micheal Martin Irlandako lehen ministroarekin batera Bulego Obaletik egindako adierazpenean.

Bezperan Kievekin lortutako akordioa "arrakasta handia" dela azpimarratu du Trumpek. "Indarrean jartzen bada, ikusiko dugu. Errusiak du hitza orain. Harreman ona izan dugu bi aldeekin (...). Jendea (AEBren ordezkariak) Errusiara bidean da oraintxe bertan", gaineratu du.

JD Vance AEBko presidenteordeak azaldu duenez, "telefonoz eta aurrez aurre" hitz egingo dute "datozen egunetan" Errusiarekin. "Oso egoera onean gaudela uste dugu, ukrainarrek su-etena onartu baitute", erantsi du.

Trumpen hitzen ostean, Maria Zajarova Errusiako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak berretsi du ez dutela baztertzen "datozen egunetan" AEBren ordezkariekin hartu-emanak izatea, TASS albiste-agentziak jakitera eman duenez.

Zure interesekoa izan daiteke

FOTODELDIA GAZA, 20/08/2026.- La población gazatí celebró este jueves un funeral masivo de 50 personas que murieron como resultado de la ofensiva israelí contra la Franja, entre ellas 19 niños y menores de edad, que fueron enterradas en un cementerio próximo al Hospital Shifa de la norteña ciudad de Gaza. EFE/MOHAMMED SABER
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan

Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X