Putinek Trumpi jakinarazi dio Errusiak Ukrainaren azken erasoei erantzun egingo diela
Donald Trump AEBko presidenteak gaur jakitera eman duenez, Vladimir Putin Errusiako presidentearekin telefonoz aritu da, eta horrek ohartarazi dio Errusiaren aurkako azken erasoei erantzun egingo diela.
"Elkarrizketa ona izan da, baina ez du bakea berehala ekarriko. Putin presidenteak argi eta garbi utzi du aerodromoen aurkako erasoari erantzun egin beharko diola", adierazi du agintari errepublikanoak Truth Social plataforman.
Trumpen arabera, ordubete eta 15 minutuz ibili dira berbaz, eta bi buruzagiek "Ukrainak hegazkin errusiarrei egindako erasoaz eta bi aldeek egindako beste erasoez" hitz egin dute.
AEBren eta Iranen arteko negoziazioak ere izan dituzte hizpide, eta, Trumpen arabera, Putin prest agertu da elkarrizketa horietan parte hartzeko.
Erasoa joan den igandean gertatu zen; Ukrainako Armadak 41 hegazkin errusiar droneekin suntsitu zituen. Trumpek ez zuen eraso horren berri, Etxe Zuriak ziurtatu duenez.
Hurrengo egunean, Kieven eta Moskuren artean Istanbulen egin zuten bigarren bilera-sorta Ukrainak eskatutako 30 eguneko su-etenerako akordiorik gabe amaitu zen, baina bi aldeek presoen trukea adostu zuten.
Halaber, Ukrainak Krimea eta Errusia lotzen dituen Kerch zubiari eraso zion asteartean, tona bat lehergai baino gehiago zartarazita.
Errusiak Ukrainaren aurka etengabe egiten dituen bonbardaketen ondorioz, Trumpek azken asteetan Putinekin frustrazioa agertu du, eta abagune horretan gertatu dira Ukraniaren erasoak.
Zure interesekoa izan daiteke
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte