Trumpek dio badakitela non dagoen Khamenei, baina "oraingoz" ez omen dute hilko : "Jomuga erraza da"
"Gure pazientzia bukatzear da", azpimarratu du AEBko presidenteak, eta Irani "baldintzarik gabe amore eman" dezala eskatu dio.
Donald Trump AEBko presidenteak adierazi du badakitela non ezkutatzen den Ali Khamenei Irango buruzagi gorena, baina nabarmendu du Washingtonek "oraingoz" ez duela akabatuko. "Jomuga erraza da", gaineratu du.
"Badakigu non dagoen 'lider gorena' deritzona. Jomuga erraza da, baina salbu dago. Ez dugu desagerraraziko (hil), oraingoz ez, behintzat; ez dugu nahi zibilen eta soldadu estatubatuarren aurka misilak jaurtitzea. Gure pazientzia desagertzear da", azpimarratu du Truth Social sare sozialean.
Trumpek "baldintzarik gabe amore emateko" eskatu dio Irani, eta adierazi du AEBk "Iranen zeruaren kontrol osoa" duela, Israelgo Armadak joan den astean hasitako bonbardaketa oldearen ostean. Izan ere, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren arabera, Teherango misil jaurtigailu asko eta droneen erdiak suntsitu ditu.
"Orain, Irango zerua erabat kontrolatzen dugu. Iranek aireko detektagailu onak eta defentsarako beste ekipo batzuk zituen, eta asko, baina ezin dira Estatu Batuetan fabrikatu, asmatu eta fabrikatu direnekin alderatu. Inork ez du AEBk baino hobeto egiten", adierazi du.