Iranek eta Israelek misil gehiago jaurti dizkiote elkarri
Iranek atzo iragarri zuen aukera guztiak mahai gainean dituela, eta erantzunaren neurria aztertzen ari direla. Bien bitartean, Donald Trump AEBko presidentea pozik agertu da erasoak eragindako ondorioekin, eta Iranek “erregimen aldaketa” behar duela esan du.
Hainbat manifestari protestan, gaur, Teheranen. Argazkia: EFE
Nola erantzungo dio Iranek bere azpiegitura nuklearren kontra Ameriketako Estatu Batuek egindako erasoari? Galdera horren erantzunari so esnatu da nazioartea astelehen honetan. Ekintza zehatzen berri eman ez badu ere, Irango Armadak aurreratu du "ondorioak larriak" izango direla, eta Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteari garbi esan dio berak hasitako gerrari Iranek emango diola akabera. "Trump jauna, zuk hasi zenuen gerra hau, baina guk amaituko dugu", esan du Ebrahim Zolfaghari Irango Armadako Khatam al-Anbiya Operazio Taldeko eledunak.
Irango Errepublika Islamiarreko Albiste Agentziak (IRNA) zabaldutako bideo batean, militarrak azaldu du AEBk iraniarren "lur sakratuari eraso" egin diola eta herrialdearen "subiranotasuna urratu" duela. "Islamaren borrokalariek" erantzun egingo dutela jakinarazi du, eta "ondorioak larriak, gogorrak eta aurreikusi ezinak" izango direla. "Operazio indartsuak eta selektiboak izango dira", gehitu du.
Horrekin batera, adierazi du "helburu objektiboen zerrenda zabaldu" egingo duela Iranek.
Bonbardaketak, bi aldeetan
Bien bitartean, tentsioak beste koska bat egin du gora goiz honetan, bi herrialdeek elkarri misil gehiago jaurtita. Bere aldetik, Israelek Teherango hainbat gune bonbardatu ditu, horien artean, Fordoko eremu nuklearra, Shahid Beheshti Unibertsitatea —Irango programa nuklearrarekin lotuta dago— eta preso politiko ugari hartzen dituen Evingo espetxea.
Goizean goiz hasi dira bonba-hotsak Irango hiriburuan, eta bertako iturrien arabera, ekainaren 13an gatazka lehertu zenetik, Teheranen izan den erasoaldi bortitzena izan da gaur goizekoa. Oraingoz, hango agintariek ez dute jakinarazi biktimarik izan den, erasoen ondorioz.
Azken orduotan, dozenaka herritar ari dira hiriburutik alde egiten, inguruko beste herri batzuetara.
Bestalde, Iranek ere bi misil-sorta jaurti ditu Israelgo hainbat eremutara. Lehen informazioen arabera, ez da inor zauritu.
X sare-sozialeko bere kontuan, Gideon Saar Israelgo Gobernuko Atzerri Gaietako ministroak goizeko erasoen berri eman du, eta mezuaren amaieran, gazteleraz idatzi du "gora askatasuna, arranopola!", Javier Milei Argentinako presidentea aipatuz.
Aukera guztiak zabalik
Atzo, Abbas Araqchi Irango Atzerri ministroak esan zuen Iranek ez duela aukerarik baztertzen bere burua babesteko. Bere hitzetan, "Nazio Batuen Gutunak bere xedapenetan aukera ematen du nork bere burua babesteko erantzun legitimoak emateko. Bada, Iranek horrekin bat egin, eta mahai gainean ditu bere subiranotasuna, interesak eta herria defendatzeko aukera guztiak".
Irango Atzerri ministroaren arabera, AEBk "Nazio Batuen Gutuna, nazioarteko zuzenbidea eta Arma Nuklearrak Ez Ugaritzeko Ituna urratu ditu Irango instalazio nuklear baketsuei eraso eginda", Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko kide iraunkor gisa.
Ormuzko itsasartea
Irango Parlamentuak Ormuzko itsasartea ixteko eskatu zuen. Irango eta Omango kostaldeak banatzen dituen garrantzi estrategikoko puntua da hori. Proposamena baino ez da oraindik, Errepublika Islamikoko Segurtasun Kontseilu Nazionalaren eta Ali Khamenei aiatola eta Irango lider gorenaren onespena behar baitu, baina, baieztatuz gero, mundu osoan izango luke eragina.
Ormuzko itsasarteak berebiziko garrantzia du orain, Israelen eta Iranen (eta orain AEBren) arteko gatazkaren areagotzearen aurrean, bertatik igarotzen baita munduko petrolio eta gas ekoizpenaren % 20 inguru.
Persiar golkoaren eta Omango golkoaren artean dago, batez beste 13 zisterna-ontzi igarotzen dira bertatik egunero, eta 15 milioi petrolio-upel baino gehiago garraiatzen dituzte.
Hainbat urtez, persiar agintariek itsas zirkulazioa blokeatzeko mehatxua egin diete Israeli eta Estatu Batuei, batez ere azken horri, Washingtonek bere programa nuklearragatik ezarritako zigorrei erantzunez.
Mehatxu horiek gero inoiz gauzatu ez badira ere, eremu horretan istilu ugari izan dira azken urteotan, petrolio-ontzien eta zamaontzien erasoak eta konfiskazioak tartean, Iranen eta Estatu Batuen arteko tentsioen erdian, azken horrek Irango petrolioaren salmentari ezarritako zigorrengatik.
Iran petrolio-ekoizle garrantzitsua da, egunero 3,3 milioi petrolio-upel ponpatzen ditu eta 1,7 milioi inguru esportatzen ditu; beraz, tentsioak gora egiten badu, ez da harritzekoa izango Irango petrolio hornidura etetea.
"Erregimen aldaketa"
Egoeraren erdian, Trump, lehen aldiz, Irango erregimena aldatzearen alde agertu da. "Egungo erregimena ez bada gai Iran berriro handi egiteko, zergatik ez boterean daudenak aldatu?", galdetu du Truth Social sare-sozialean zabaldutako mezu batean.
Etxe Zuriaren arabera, Estatu Batuen helburu bakarra Iranen programa nuklearra suntsitzea da, baina presidente estatubatuarra diskurtsoa aldatzen hasi da.
Analisia
Mikel Ayestaran EITBren Ekialde Hurbileko korrespontsalaren esanetan, "Iranek uste du eskualdeko base kopurua ez dela indar-erakusle, ahultasunarena baizik, denak babesteko zailtasunak izango dituelako AEBk". Azaldu duenez, "hemendik aurrera bi fronte izango ditu Iranek: batetik, Israel, eta, bestetik, AEBren baseak Ekialde Hurbilean".
Zure interesekoa izan daiteke
Israelek 2023an hil zituen 50 pertsonen gorpuzkiak lurperatu dituzte Gazan
Gazako hiru familitako kideak dira denak, tartean 19 adin txikiko. Defentsa Zibileko erreskatatzaileek orain lortu dute haien gorpuzkiak 2023an bonbardatu zituzten eraikinaren hondakinen azpititik ateratzea. Gazatarren Osasun Ministerioak egindako kalkuluen arabera, 73.400 pertsona baino gehiago hil dira Gazan Israelen erasoaldia hasi zenetik eta 7.500 gorpuk hondakinen azpian jarraitzen dute.
Sussexeko dukeak, Harry eta Meghan, Erresuma Batura itzuliko dira, baina Errege Etxetik kanpo jarraituko dute
Sussexeko dukeek, Harryk eta Meghanek, Erresuma Batura itzultzea erabaki dute, eta han matrikulatu dituzte bi seme-alabak, Archie eta Lilibet, oraindik identifikatu gabeko ikastetxe batean. Bikoteak Errege Etxetik urrun jarraituko du eta Londrestik kanpo biziko da, hedabide britainiarren arabera.
Gutxienez 15 pertsona hil dira Errusiak Kieven aurka egindako erasoan
Ukrainako presidenteak salatu duenez, erasoan etxebizitza eraikinak, haurrentzako ospitale bat eta eskola bat kaltetu dira, eta Odesa eskualdean mugako postu bati eta gas azpiegitura bati eraso egin diete errusiarrek.
Gutxienez 107 pertsona hil dira urre-meategi bat hondoratuta Afrika Erdiko Errepublikan
Ustiategi irregularra Kamerungo mugatik gertu dago. Tokiko agintariek ohartarazi dute biktima kopuruak gora egingo duela erreskate-lanetarako baliabide urriak direla eta.
Eutanasia eta heriotza lagundua ahalbidetuko dituen legea promulgatu du Macronek
Legea Frantziako Aldizkari Ofizialean argitaratu da, legea indarrean sartu aurretik eman beharreko ezinbesteko pausoa.
Haurrak Facebook eta Instagramera katigatu nahi izana ukatu du Metak epaiketa federalaren hasieran
29 estatu estatubatuarrek Facebook eta Instagram nahita manipulatu izana eta Interneten Haurren Pribatutasuna Babesteko Legea (COPPA) urratu izana leporatzen diote Metari.
AEBko bandera, kolono israeldarren aurrean babesteko erreminta
Loui Ridik Ohio utzi eta Zisjordaniara itzultzea erabaki du bere etxea eta familia kolono israeldarrengandik defendatu ahal izateko.
Bruselak Ceutan dauden migratzaile adingabeak Marokora itzultzearen alde egin du
Europako Batzordeko bozeramaile Markus Lammertek berretsi du hiri autonomoan legez kanpo dauden migratzaile guztiak itzuli behar direla, eta espero duela Espainiako eta Marokoko agintariek hori bermatzeko lan egingo dutela.
Baso-suteek ez dute tregoarik ematen Europan
Dozenaka sutek kontinente osoa kiskali dute uda honetan. Baso Suteei buruzko Europako Informazio Sistemaren (EFFIS) datuen arabera, abuztuaren 12ra arte 576.027 hektarea erre ziren lurraldean. Hauek dira sugarren suntsipena erakusten duten satelite-irudi batzuk.
AEB eta Iran bake-elkarrizketa "estraofizialak" egiten ari dira, Trumpen arabera
Bake Memorandumean ezarritako 60 eguneko epea amaitzen den egunean, AEBko presidenteak berretsi du Iranek amore eman beharko lukeela. Horrez gainera, Oman bonbardatzearekin ere mehatxu egin du, honek Ormuzeko itsasartearen kudeaketan esku hartuko balu.