AEBk Irango azpiegitura nuklearrak bonbardatu ditu
Iranen hiru instalazio nuklear bonbardatu ostean, Donald Trump AEBko presidenteak "bakea edo tragedia" aukeratzeko eskatu dio Irani. Oposizio demokratak Konstituzioa urratu izana leporatu dio Trumpi, Kongresuaren baimen espliziturik gabe egin duelako beste herrialde baten aurkako ekintza militarra. JD Vanceren hitzetan, bere herrialdea "ez dago Iranekin gerran, haren asmo nuklearrekin baizik".
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak baieztatu du AEBko Armadak Isfahan, Natanz eta Fordow Irango instalazio nuklearrak bonbardatu dituela, eta azken horretan egin duela erasorik handiena.
"Arrakasta handiz egin dugu Fordow, Natanz eta Isfahan Irango hiru instalazio nuklearren aurkako erasoa. Hegazkin guztiak Irango aire eremutik kanpo daude jada", jakinarazi du agintari estatubatuarrak Truth Social sarean.
Etxe Zuriko maizterraren hitzetan, "Fordow jada ez dago"; izan ere, "bonba karga oso bat" bota dute instalazio nuklear horren aurka. Erasoa amaitutakoan, AEBko hegazkinak etxera itzuli dira.
Trumpen ustez, "une historikoa da hau Estatu Batuentzat, Israelentzat eta munduarentzat". "Iranek orain amaiera eman behar dio gerra honi. Eskerrik asko!", gaineratu du.
Trumpek "bakea egiteko" eskatu dio Irani, eta halakorik egin ezean, "askoz ere eraso gogorragoak" egingo dituela ohartarazi dio.
Bere bigarren agintaldian herritarrei zuzenduta eman duen lehen mezuan esan duenez, "Iranek bakea edo tragedia izango du. Azken zortzi egunetan (...) bizi izan duguna baino askoz gehiago. Bakea ez bada berehala iristen, helburu horiek bilatuko ditugu, zehatz, azkar eta trebetasunez".
Ostegunean adierazi zuen Etxe Zuriak Trumpek "aste batzuk" hartuko zituela Iranen militarki esku hartu ala ez erabakitzeko, Irango programa nuklearra negoziatzeko denbora emateko.
Trumpek berak esan zuen Iranen su-eten batek ez ziola gatazkari amaiera emango, eta konbonbidea, nahitaez, Irango programa nuklearra amaituta etorriko zela.
"Ez dugu su-eten bat nahi. Garaipen osoa nahi dugu. Berriro diot, badakizue zein den garaipena: arma nuklearrik ez", esan zuen Trumpek Fox News kateak jasotako adierazpenetan.
Netanyahu: "Zorionak, Trump presidentea"
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak eskerrak eta zorionak eman dizkio Donald Trump AEBko presidenteari AEBko Indar Armatuek Isfahan, Natanz eta Fordow Irango hiru instalazio nuklear nagusien aurka goizaldean egindako operazioagatik.
"Zorionak, Trump presidentea. Irango instalazio nuklearrei Estatu Batuen botere ikaragarri eta justuarekin eraso egiteko erabaki ausartak historia aldatuko du", adierazi du Israelgo buruzagiak X sare sozialean.
Estatu Batuen erasoa "mugarri historikoa" dela gaineratu du Netanyahuk, bonbardaketa horiei esker "munduko erregimenik arriskutsuenak munduko armarik arriskutsuenak" izatea saihestu baitu.
"Trump presidenteak eta biok esan ohi dugu: bakea indarrez lortzen da. Lehenengo indarra dator, gero bakea. Gaur gauean, Trump presidenteak eta Estatu Batuek gogor jardun dute. Trump presidentea! Eskerrak ematen dizkizut. Israelgo herriak eskerrak ematen dizkizu", adierazi du Israelgo presidenteak.
Konstituzioa urratzea leporatu dio oposizio demokratak Trumpi
Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Demokratako kide ezagunek salatu dutenez, igande goizaldean Trumpek Iranen aurka egindako erasoak Konstituzioa urratzen du, Kongresuaren baimen espliziturik gabe egin delako beste herrialde baten aurkako ekintza militarra.
Chuck Schumerren hitzetan, "presidenteak ezin du bere kabuz nazio hau gerra baten neurriko ataka garrantzitsuan jarri, mehatxu erratiko eta estrategia gabezia nabarmenarekin gainera".
Hakeem Jeffriesek ere gertatutakoaz "premiaz eta luze" azalpenak emateko eskatu dio Trumpen Administrazioari. "Trump presidenteak engainatu egin du herria bere asmoei zegokionez", eta ez dio Kongresuari erasoak egiteko baimenik eskatu.
Alderdiko atal aurrerakoieneko Rashida Tlaib kongresista are irmoago agertu da. "Konstituzioaren urraketa nabarmena da", salatu du, eta gogora ekarri du suntsipen handiko armak izatearen koartada faltsua erabili zutela Iraken inbasioa egiteko. "Ez gara bigarrenez tranpa berean eroriko. AEBko herritarrei entzun beharrean, Benjamin Netanyahu (Israelgo lehen ministroa) gerra-kriminalari entzun dio", erantsi du.
"Kongresuak berehala ekin behar dio, gerra-botereak gauzatzeko eta Konstituzioaren aurkako ekintza hori geldiarazteko", esan du.
Vance: "AEB ez dago Iranekin gerran, haren asmo nuklearren aurka baizik"
JD Vance AEBko presidenteordeak igande honetan NBC telebista katean adierazi duenez, bere herrialdea "ez dago Iranekin gerran, haren asmo nuklearren aurka baizik".
Hala, bart egindako bonbardaketak justifikatu ditu, "Iranen programa nuklearra mehatxua" delako. "Irango programa nuklearra suntsitu dugula uste dugu... AEBk Iranen programa nuklearra denbora luzerako atzeratu".
Bestalde, Pete Hegseth AEBko Defentsa idazkariak igande honetan Irani ohartarazi dionez, AEBk bart Irango instalazioen aurka egindako bonbardaketaren ostean gerra bilatzen ez duen arren, "azkar eta erabakitasunez" jokatuko du Teheranen balizko errepresaliekin bere interesak arriskuan ikusten baditu.
Zure interesekoa izan daiteke
SpaceXen kohete batek Ilargiaren kontra talka egin duela esan du NASAk, baina adierazi du ez duela arriskurik ekarriko
2025eko urtarrilean jaurtitako Falcon 9 kohete baten goiko zatiak, planifikatu gabe, talka egin du Ilargiaren gainazalarekin, eguzki-jardueraren eta grabitate-indarren konbinazio baten ondorioz.
Iranek eta Omanek Ormuzen nabigatzeko bide berri bat adostu dute
Itsasarteko bide berri hori egiteko akordioa lortu izanak ez du esan nahi berriro irekiko dutenik, Iranek zehaztu duenaren arabera, AEBren eta Israelen arteko erasoaldi militarraren ondorioz itxi baitzuten.
Marokok dozenaka pertsona auzipetu ditu Ceutako krisiarekin lotutako delituengatik
Marokoko Giza Eskubideen Elkartearen arabera, 34 pertsona auzipetu dituzte Tetuanen (tartean, bost adingabe) eta 52, Nadorren.
Danubiok bere sekretuak agerian utzi ditu lehortearen ondoren: mamut baten aztarnak eta nazien ontziak azalera atera dira
Danubio ibaiak, Europako bigarren luzeenak, lehorte historikoa bizi du, eta bere ur-emaria murriztu denez, iraganeko aztarna harrigarriak utzi ditu agerian: mamut baten aztarnak azaldu dira Bulgarian, eta Bigarren Mundu Gerran hondoratutako dozenaka ontzi ikusgai geratu dira Serbian.
Gutxienez 14 pertsona hil eta 27 zauritu dira Errusiak Kiev eskualdean gauez egindako erasoetan
Brovary barrutian "sute handiak" izan dira biltegi batzuetan, eta baita Velyka Dymerka, Kvitneve eta Peremoga herrietan ere. Astearte honetan, Volodimir Zelensky Ukrainako presidenteak Errusiaren aurkako operazio gehiago egitekotan zela iragarri osteko erantzun gisa egin ditu Moskuk azken erasoak.
Bruselak esan du EBk "lanak ondo" egin dituela Ceutan, eta "migrazio erreformak bizkortzeko" eskatu du
Magnus Brunner Europako Barne eta Migrazio komisarioaren hitzetan, Ceutan lehertutako krisitik ateratako ondorio nagusia da Europar Batasuneko kideek "bat eginda" kudeatu behar dituztela migrazio politikak.
EBko Barne ministroek Ceutako krisia aztertuko dute gaur, ezohiko bilera batean
Europar Batasuneko Barne Ministroen Ezohiko Kontseilua gaur bilduko da, Espainiak eskatuta eta 22 estatu kidek babestuta, Ceutako migrazio-krisia aztertzeko eta Marokotik etorritakoen gorakadari erantzun bateratua emateko.
Marokok mafiei, desinformazioari eta itzulketei buruzko gaizki-ulertuei egotzi die Ceutako krisia
Marokoko Barne Ministerioak migratzaileak Ceutan masiboki sartu izanari buruzko lehen balorazioa egin du, eta 11 pertsona hil direla adierazi du. Rabaten esanetan, giza trafikoko sareek, desinformazio kanpainek eta Espainiako Auzitegi Gorenaren epai baten interpretazio okerrak eragin dute egoera. Epai horren ondorioez ohartarazi zion Marokok Espainiari, bertako iturri baten arabera.
Ormuzko itsasartearen eta Iranen desnuklearizazioaren inguruko akordioa "berehala" helduko dela uste du Trumpek
Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak adierazi duenez, gaur arratsaldean bilduko da Teheranekin, Golkoko zenbait herrialderen eskaeraren ostean. Irango Atzerri ministroaren arabera, ordea, Washingtonek ez du Ormuzko itsasartearen inguruko elkarrizketetan parte hartzen.
Idahoko tiroketaren osteko izua: bideo batek jendea oihuka ihesi erakusten du
Auto batetik grabatutako irudietan hainbat pertsona korrika ihesi hasten diren unea ikus daiteke, tiroketa baten berri izan ostean. Gutxienez hiru pertsona hil dira, eta bi zauritu. Ustezko erasotzailea hilda aurkitu dute bertan.