Errusia eta Ukraina Istanbulen bilduko dira, elkarrizketa bultzatzeko, negoziazioak aurrera egin dezan
Hasi dira Ukrainan Zelenski presidentearen aurkako lehen protestak, Errusiaren inbasioa hasi zenetik aurrenekoz. Ukrainarrek kalera jo dute ustelkeriaren aurkako agentzien independentzia arriskuan jartzen duen lege bat dela eta.
Gerra, Ukrainan. Argazkia: Europa Press
Errusia eta Ukraina Istanbulen biltzekoak dira hirugarrenez, bi herrialdeen arteko elkarrizketa bultzatzeko asmoz, negoziazioak aurrera egin dezan. Donald Trump AEBko presidenteak 50 eguneko epea eman zien duela hamar egun, negoziatzen hasi ezean zigor eta muga-zerga gehiago ezarriko zituela mehatxu eginda.
Zelenskik bi herrialdeetako liderren arteko goi-bilera egiteko asmoa helarazi du, eta Vladimir Putin Errusiako presidenteari eskatu dio aurrez aurre bat egitea onar dezala.
Istanbuleko aurreko bi hitzorduetan ageri-agerian geratu da bi aldeak ez datozela bat, inondik inora ere. Hala ere, topaketak baliagarriak izan dira presoak trukatzeko; Zelenskik Istanbulen lortu nahi du gatibu guztiak askatzea eta errusiarren esku dauden haur ukrainarrak itzultzea.
Kievek, halaber, 30 eguneko su-etena eskatzen jarraitzen du, baina Moskuk, Donbasseko eta Ukraina iparraldeko erasoaldietan murgilduta, ezetz esan dio.
"Errusiaren aurkako zigorrak prestatzen ari gara (...). Errusiak zigorren zirrikitu legal guztiak aprobetxatzen ditu gerra finantzatzeko. Ondorioz, zigor guztiak gure kideekin adostu behar ditugu", adierazi du Zelenskik.
Bestalde, Kremlinek ez du espero Ukrainarekin negoziatzeko hirugarren txandan "urrats handirik" ematea. "Jakina, ez dago inolako arrazoirik aurrerapausoak emango direla pentsatzeko. Egungo egoera ikusita, zaila da", esan du Dmitri Peskov Errusiako presidentearen bozeramaileak.
Adituek ohartarazi dute ez direla benetan negoziaziatzen hasiko Kievek amore eman arte edo Errusiako Armadak Donbass osoa eta Errusia hegoaldea konkistatu arte. Helburu hori oso urrun dagoela dirudien arren, Errusiak iragarri du Ukrainako Sumi eskualdean herri bat konkistatu berri duela; izan ere, Moskuk eremu horretan segurtasun zerrenda bat sortu nahi du.
Lehenengo protestak Zelenskiren aurka
Ukrainan, milaka herritar aurreneko aldiz hasi dira manifestatzen Errusiaren inbasioa hasi zenetik. Mobilizazioen arrazoi nagusia honako hau da: Ukrainako ustelkeriaren aurkako erakunde nagusien independentzia arriskuan jartzen duen Gobernuaren erreforma legegilea, manifestarien arabera.
Besteak beste, Ustelkeriaren aurkako Bulego Nazionala eta Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza Espezializatua jomugan jartzen ditu.