Israelek esan du Gaza hiriaren % 40 kontrolpean duela
Israelgo Armadak erasoaldia areagotu du Gazako auzo garrantzitsuenetan, eta erasoak eta biktima zibilak gero eta gehiago dira.
Gaza. Argazkia: Europa Press.
Israelgo Armadak baieztatu du Gazako hiriaren % 40 kontrolpean duela jada, hiru aste baino gehiago erasoak egiten eta besteak beste zibilen etxebizitzak bonbardatzen eman ostean. Gainera, Effie Defrin Israelgo bozeramaile militarrak adierazi duenez, operazioa areagotu egingo da datozen egunetan
Defrinen arabera, bi brigada ari dira Zeitun auzoan borrokan, eta beste erasoaldi batzuk egiten ari dira Sheikh Radwanen, Gazako hiriaren iparraldean.
Gazako osasun iturrien arabera, ostegunean gutxienez 69 gazatar hil dira Israelen erasoen ondorioz, horietatik 39 Gaza hirian bertan. Bien bitartean, erreskate lanak egiten ari dira suntsitutako etxebizitzen hondakinen artean, balizko biktimen bila.
Gainera, bost pertsona hil eta 50 baino gehiago zauritu dira, hainbat adingabe tartean, Al Tuffah auzoan izandako eraso batean, Palestinako Defentsa Zibilaren esanetan.