Israelek eraikin bat eraitsi du Gazan, ebakuazioa agindu ostean
Armadak altuera handiko bloke baten aurkako erasoa baieztatu du, hegoaldeko "eremu humanitario" batera ebakuatzeko agindua eman ondoren. Armadak esandakoaren arabera, Hamasek erabiltzen zuelako eraitsi du.
Israelgo Armadak baieztatu du Gazako eraikin handi bat bonbardatu duela, ebakuatzeko agindua eman eta ordu gutxira. Horren esanetan, Hamasek behaketa eta inteligentzia lanetarako erabiltzen zuen eraikin hori..
Azken 24 orduetan suntsitutako bigarren bloke handia da, zutik jarraitzen duten azken eraikinak eraisteko kanpainaren barruan. Armadaren arabera, eraikinaren azpian talde palestinarrak lurpeko azpiegitura bat zeukan.
Hainbat bloke eta Al Ruya eraikina ebakuatzeko agindua eman eta ordu gutxitara bonbardatu eta eraitsi dute etxebizitza bloke hori.
Militarrek inguru arriskutsutzat jo dute Beirut kalea eta Estatu Arabiarretako Unibertsitatea batzen diren puntua. Horregatik, eremua utzi eta hegoaldera joateko eskatu diete larunbat goizean bizilagunei.
Zehazki, Khan Yuniseko "eremu humanitario" batera joateko eskatu diete. Bertan, Israelgo Armadaren arabera, kanpaina- eta hornidura-ospitaleak jarri dituzte. Hala ere, nazioarteko erakundeek ohartarazi dutenez, eremu hori jendez gainezka dago jada, iparraldetik kanporatutako milaka gazatarrez beteta.
Benjamin Netanyahuren gobernuak helburu gisa hartu du Gaza hiria behin betiko konkistatzea. Bien bitartean, bonbardaketak eta ebakuatzeko deiak egiten jarraitzen du.
Hildakoak banaketa guneetan
Bestalde, gutxienez sei palestinar hil dira Gazako Zerrendako hainbat tokitan, janari bila ari zirela. Besteak beste, haur bat eta adineko bat hil dituzte Gazan laguntza jasotzeko zentro batetik gertu.
Wafa agentziaren arabera, 64.300 palestinar hil dira Israelen erasoaldia hasi zenetik, gehienak emakumeak eta haurrak. Gainera, 162.000 zauritu dira, lesio iraunkorrak edo anputazioak dituzten asko tartean, eta milaka gorpu hondakin artean daude oraindik.